Gizartea

Frantses Akademiari euskara errespetatzeko eskatu dio Euskaltzaindiak

Ekainaren 12an, Frantziako estatuaren esparruan dauden hizkuntzak bermatu ahal izateko Frantziako Konstituzioa aldatzearen kontra azaldu zen Frantses Akademia, eta jarrera hori salatu du Euskaltzaindiak.

2008ko uztailaren 1a
16:56
Entzun
Euskara errespeta eta babes dezala eskatu dio Euskaltzaindiak Frantses Akademiari, honek ekainaren 12an eginiko adierazpenei erantzunda. Frantziako Konstituzioa aldatzeko xedea eztabaidatu dute berriki Frantziako Parlamentuan, eta proposamen bat egin zuten Frantziako eskualde hizkuntz-ei nolabaiteko ezagutza emateko, Konstituzioan ager zedin hizkuntza horiek "Frantziako ondarearen zati" direla. Lehenik Diputatu Ganbarak onartu zuen aldaketa proposamen hori; ondoren, haatik, Senatuak kenarazi zuen, gai horren gainean gizartean eztabaida bizia sortzen zelarik.

Alabaina, Frantses Akademia bereziki halako aldaketa baten aurka goraki mintzatu zen, eta akademiakideek aho batez onarturiko adierazpenean proposamen horri muzin egitea galdegin zuten.

Horren aurrean, eta Konstituzioaren aldaketa oraindik eztabaidatzen ari direlarik, Euskaltzaindiak euskara errespetatzeko eskatu dio akademiari. "Euskara euskaldunen hizkuntza da, ez baitezpada hizkuntza bakarra, aspaldi baita euskaldunek eleaniztasunaren beharraren eta haren onuren berri dakitela, bai ordea berezko hizkuntza. Mintzaira horren bidez izendatzen dugu geure burua, haren bidez, halaber, geure herria. Euskara historikoki estatu eta administrazio eremu desberdinetan mintzatua izan da, eta ondorioz beti legezko egoera desberdinetan bizi izan da. Zuzenbide egoera desberdintasun horren gainetik, Euskaltzaindiak aspaldi jakinarazi du euskarari zor zaiola, mendez mende aspaldiko denboretan mintzatua izan den herrialde guztietan, legearen ezagutza eta geriza. Hain zuzen ere, 1994an, bere 75. urtemuga kari, Miarritzen egin zuen adierazpenean galdatu zuen Frantziako estatuan ere euskarak izan zezala dagozkion hiru herrialde historikoetan koofizialtasuna".

Horiek hala, euskararen aldeko erakundeak "biziro" eskatzen du Frantziako estatuan ere euskarak izan dezala estatuaren legezko antolamenduan zor zaion ezagutza betea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.