"Gobernuak pentsatzen du lurralde erreforman agertzen diren lanabes juridikoak aski direla Ipar Euskal Herriak egitura politiko indartua edukitzeko".
Herri Elkargoak bat eginez edota sindikatu mistoa sortuz, hautetsiek "hainbat" aukera dituztela dio Ayraultek. Izena ere proposatzen du Paristik. "Lege egitasmoak aurreikusten du lurraldearen barnean sor daitekeela oreka eta elkartasun polo bat... Tokiko hautetsiek Euskal Herria poloa izena eman diezaiokete, horrela nahi badute".
Estatua-Eskualdearen kontratuaren barnean, Ipar Euskal Herriko hitzarmen berezia berriztea hobesten du Frantziako gobernuak.
Frantziaren "mespretxua" salatzeko manifestazioa
Lurralde elkargoaren aldarriari eta euskarari begira Parisek duen jarrera salatuko dute datorren larunbatean, Maulen. Frantziako Gobernuaren partetik Euskal Herriak pairatzen duen "mespretxua" deitoratzeko mobilizazio berri bat finkatu du Batera plataformak. Manifestazioa azaroaren 30ean eginen dute Mauleko (Zuberoa) karriketan, 15:00etan. Parisek euskal lurralde elkargoaren aldarriari emandako ezetzaz gain, ikastolek pairatu jazarpena salatuko dute karrikara ateraz. Plataformaren beste bi aldarriak ere ukanen dituzte gogoan: Euskal Herriarentzako laborantza ganbera ofiziala eta berezko unibertsitatea.
Protesta Zuberoako hiriburuan egiteak berak du mezu politiko argia, antolatzaileen arabera: "Euskal Herriak garapen koherente bat behar du, barnealdea eta kostaldea kontuan hartuko dituen garapena; horregatik dugu Maulen antolatzen manifestazioa". Horrez gain, Ipar Euskal Herriaren "perimetroa, kohesioa eta osotasuna defenditzeko" unea eta gunea ere izan nahi du. Egun horretan, gainera, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako azken finalerdia jokatuko da Maulen.