Donibane Lohizuneko (Lapurdi) poliklinikaren larrialdi zerbitzuak ez dituzte hetsiko, zuzendaritzak kontrakoa iragarri bazuen ere. Frantziako Osasun ministro Yannick Neuder joan da arratsaldean klinikaren bisita egitera, zuzendaritzarekin biltzera, eta azkenekoz, erabakiak iragartzera: «Aterabideak atzeman behar ditugu artatzeen antolaketari dagokionez publikoaren eta pribatuaren artean, baina argi diot: klinika irekia egonen da. Eskertzen ditut zuzendaritzakoak, larrialdietarako baimen eskaera berrituko baitute, baina anitzez ere urrunago joateko xedea dut. Luzera begira, beharko diren artatzaileak kontratatu beharko dira».
Peio Dufau hautesbarrutiko diputatua «pozik» agertu da, baina zehaztu du dena ez dela egina: «Berak dio begi bistan atxikiko duela eraikuntza hori, eta, nik ere, diputatu izanik, segituko dut zaintzen; medikuak atzeman beharko dira... Orain denak mahai inguruan dira; orduan ikusi beharko da zein izanen den antolaketa zehatza». Zeren Osasun ministroak ez baitu batere zehaztu zer antolaketa biderekin eginen duten aitzina, ezta zer baliabide ekonomikori eutsiko dioten ere larrialdi zerbitzuaren eta klinikaren funtzionamenduari eusteko, orokorki.
Kudeaketa arazoak
Pazienteen eta anbulantzien trafikoari gehitu zaio ministroaren etorrera. Klinikara sartu da, bere gibelean Peio Dufau hautesbarrutiko diputatua zuela, zeinak ohartarazi baitzion zer egoeratan dagoen Donibane Lohizuneko poliklinika; gibeletik, beti, Jean François Irigoien Donibane Lohizuneko auzapeza, Frederic Espagnac, Marc Brisson eta Denise Saint Pe Pirinio Atlantikoetako senatariak, eta Baionako ospitaleko zuzendaria. Klinikaren bisita egin diote arduradunek, zerbitzu batetik bestera. Langileekin topatu da, sorpresa antolatuan: egunerokoaz galdegin die, poliklinikan duten antzinatasunaz, larrialdi zerbitzuaren beharraz...
Bisitak eta bilkurak bukatu, eta CFDT sindikatuko Mercedes Gracietek gardentasun gehiago eskatu du: «Diru publikoarekin finantzatua denez, orduan jakinarazi behar litzateke zertara doan diru hori». Donibane Lohizuneko poliklinika pribatua izanik ere, zerbitzu publikoa eskaintzen baitu, eta, larrialdi zerbitzuaren hesteko erabakiari dagokionez, hain zuzen, zuzendaritzak adierazi zuelako diru arazoengatik ezin zutela segitu. Hots, sindikalistek jakin nahi dute eskas den dirua zertara bideratua den. Klinika pribatuetan bada joera zerbitzu errentagarrietan besterik ez inbertitzeko, baina zerbitzu horiek, gehienetan, ez dira pazienteek behar-beharrezkoak dituztenak; halako zerbitzuei lehentasuna ematea leporatu izan diote behin eta berriz poliklinikako zuzendaritzari.
Osasun ministroak dio ez duela halako zatiketa batean sinesten, baizik eta eredu orekatu batean, Baionako ospitaleko zerbitzuekin elkarlanean, adibidez. «Ez du erran nahi ez dela diru gehiago beharko, baina, lehenik, proiektua bera indartu behar da».
Ekainaren 25ean jakinarazi zen Donibane Lohizuneko poliklinikako zuzendaritzak ez zuela berritu gogo larrialdi zerbitzuaren atxikitzeko Eskualdeko Osasun Agentziari egin behar zaion galdea. Orduan, zerbitzua hestera zihoan, irailaren 16tik goiti. Berria zabaldu bezain laster, langileak eta inguruetako ordezkari politikoak asaldatu ziren, hala nola Irigoien eta Dufau. Frantziako Asanblean zela, Dufauk ohartarazi zion Osasun ministroari zein zen Donibane Lohizuneko klinikaren egoera: «Berrantolaketa bortxatuak, kudeaketa agresiboa... Hamalau medikuetarik hamahiruk dimisioa eman dute, azkenean. Urgentziak usu hetsiak izan dira, eta ondorio larriak ekarri ditu herritarrentzat. Eta, orain, klinikak larrialdi zerbitzuaren hestea erabaki du. Ezin onartuzkoa da».
Eta egin zion galdera: «Zer egitea aurreikusten duzu bere lurraldean bakarrik dagoen egitura pribatu horrek zerbitzu publikoari dagozkion eginkizunak utzi ez ditzan, herritarren kaltetan?». Neuder ministroak erantzun zion ez zuela kasuaren berri, baina «egoera eskandalagarria» iruditzen zitzaiola. Bilkura bat antolatu zuen uztailaren 2an larrialdi zerbitzuari dagozkion «eragile guztiekin», prefetaren aginte pean; eta, hitzeman zuen egoera ez balitz hobetuko, ez zuela baztertzen bera joatea Donibane Lohizunera.
Badu zenbait hilabete larrialdien zerbitzua egoera txarrean dagoela, gau batzuetan hestera behartuak izan direla, eta, azkenean, poliklinikako zuzendaritzak deliberatu zuen larrialdi zerbitzuak aitzina egiteko kontratua ez berritzea, hau da, larrialdi zerbitzuak ixtea. Eragileak beldur ziren erabaki horrek ekarriko lituzkeen ondorio nabarmenez, batez ere beste larrialdi zerbitzuetan eraginen lituzkeen jende saldoez, Baionan eta Donapaleun (Nafarroa Beherea). Jean François Irigoienek eta Dufauk elkarretaratzera deitu zuten ekain hondarrean, poliklinikaren aitzinean, larrialdi zerbitzua irekirik mantentzearen alde. Eta, uztail hasieran, greba aldiari hatsarre eman zioten langileek, CFDT sindikatuak bultzaturik, batez ere; lau egun iraun zuen. Orokorkiago, lan baldintza hobeak ere eskatu zituzten.