Frantziako Hezkuntza Ministerioko bilkuratik atera dira euskal ordezkariak, ez dietelako erantzunik eman

Azterketen gaian aitzinamenduak espero zituzten, baina Frantziako hezkuntza administrazioak entzungor egin die. Nicolle Belloubet ministroarekin «urgentziazko» bilkura bat egiteko eskatu dute.

Euskal ordezkariak Parisen.
Parlamentariak eta EEPko ordezkariak, Parisen. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko apirilaren 11
17:26
Entzun

Haserre atera dira euskal ordezkariak Frantziako Hezkuntza Ministerioan egin duten bilkuratik. Azterketen gaian aitzinamenduak lortzeko asmoarekin, Parisera joan dira EEPko ordezkariak eta Ipar Euskal Herriko parlamentariak, baina, ikusirik erantzunik ez dietela eman, bilkura uztea erabaki dute berrogei minuturen buruan. Boterearen «bertikalitatea» eta «elkarrizketa falta» salatu ditu Iñaki Etxaniz PSko diputatuak. Urgentziazko bilkura bat eskatu diote Nicole Belloubet Frantziako Hezkuntza ministroari. «Erran diegu erabaki politikoak behar direla, eta bestela karrikara atera beharko dugula», adierazi du Maider Behotegi EEPko lehendakariak. 

Orain dela urte eta erdi bildu ziren hautetsiak Parisen, eta «jarrera aldaketa» sumatu zuten Hezkuntza Ministerioan. Baina, ondoko hilabeteetan, ez zen esperotako erantzunik iritsi. Artean, hiru aldiz aldatu da ministroa, eta gaurko bilkurara ez da agertu ere egin. Edouard Geffray Dgesco eskola irakaskuntzako Frantziako zuzendaritzako buruak, hezkuntza ministroaren kabineteko kideek eta Anne Bisagni-Faurec Bordeleko akademiako errektoreak parte hartu dute. Hauek osatu dute euskal ordezkaritza: Behotegik, Antton Kurutxarri Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordeak, Etxaniz eta Vincent Bru diputatuek eta Max Brisson eta Denise Saint-Pee senatariek. 

Iazko martxoan, brebetako azterketan ariketak euskaraz egiteko eskubidea onartu zieten Seaskako ikasleei, baina eskubide hori ez zaie onartzen ikastetxe publikoetako eta pribatu katolikoetako sail elebidunetako ikasleei. Horrez gain, Dgesco erakundeak zirkular bat atera zuen udazkenean, eta, hartan, zehaztu zuen brebetako ariketen azalpenak frantses hutsean izan beharko zirela. Etxanizek esplikatu duenez, espero zuten bi puntu horiek konpontzea eta baxoari buruz aitzinamenduak lortzea, baina ez da hala izan. 

«Badu urteak gaiari buruz abisuak ematen ari garela, are gehiago azkenaldian», esplikatu du Etxanizek. «Administrazio zentralak gaina hartzen dio arlo politikoari. Ministroa ezin da administrazioaren gibelean kukutu; erabaki politikoak behar dira», adierazi du Etxanizek. Bilkuratik altxatuta hautetsien «determinazioa» eta gaiaren «urgentzia» erakutsi nahi izan dituztela erran du. Parisen izan ziren azken alditik urte eta erdi behar izan dute beste bilkura bat antolatzeko; ikusteko dago Belloubet ministroak noizko erantzunen dien, erantzuten badie. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.