Seaskak hamazazpi irakasle lanpostu ordaintzen ditu bere sakelatik. Heldu den eskola sartzean 22 izanen dira, eta horrek arazo ekonomiko larriak eragiten dizkio Seaskari. Aski dela adierazteko, manifestaziora deitu du apirilaren 30erako Baionako karriketan.
Seaskak manifestaziora deitu du apirilaren 30erako. Zein dira horren arrazoiak?
Frantziako Hezkuntzarekin ukan ditugun azken harremanak aski etsigarriak dira; ezin gara geldirik egon, eta ikusi dugu egoera hori aldatzeko beharrezkoa protesta egitea. Bertze alde batetik, bigarren mailako kolegio eta lizeoak abiatu duten protesta mugimenduaren segida da. Seaskak partekatzen ditu lizeotik abiatu diren arrangurak eta kezkak. Leporatu digute lehengo molde zaharretara itzultzea, gauzak tinkatzen direlarik manifestazioetara itzultzen garela. Nahiz eta azken urte hauetan negoziazioaren bidez zenbait gauza lortu, badakite egitura militantea garela. Iparraldearen berreuskalduntzeko tresna gara, eta ez zaigu inoiz ahantzi. Manifestazioa logika horretan kokatzen da.
Zein da egoera, gaur egun?
Baliabide aldetik erkatzen badugu Seaska eskola pribatu edo publikoarekin, ez gabiltza gaizki. Baina haiek oker egoteak ez du esan nahi guk ere oker egotea onartzen dugunik. 25 edo 30 haur baino gehiagorekin ezin da lanik egin, bereziki murgiltze ereduan. Jakin behar da gaur egun Seaskara heldu diren haur anitzek ez dakitela hitzik ere euskaraz, ez dutela entzuten haien inguruan. Euskara maila duina lortzeko lan anitz egin behar da. Haur elebidun edo eleaniztunak sortzea da gure helburua, eta, horretarako, baliabide egokiak behar dira. Gainera, guk bi eginkizun ditugu denbora berean. Hezkuntza arlokoaz gain, Ipar Euskal Herrian euskararen iraupena gure bizkar dago zoritxarrez. Murgiltze eredua Seaskan baino ez da atzematen, eta hori horrela deino, egoera ez da aldatuko.
Lanpostuak aipatu dituzu. Zenbat galdukodituzue?
Hiru gehiago ukanen ditugu, baina, aldi berean, bederen 150 haur gehiago. Kopuruak erakusten du ezinezkoa dela. Azken bost urteei begira, 479 ikasle gehiago ukan ditugu lehen mailan, eta hamahiru irakasle gehiago. Irakasle batentzat 37 ikasle. Baldintza horietan ez dago kalitatea bermatzerik.
Eta bigarren mailari dagokionez?
Sekulako sorpresa ukan dugu ikusiz 72 oren kentzen dizkigutela astero, hiru lanpostu oso. Eta bigarren mailan ere, ikasle kopurua emendatzen da. Gutxiago ezin zuten eman. Lehen mailan ez bezala, bigarren mailari irakasleak esleitzeko irizpideak gainerateko ereduetan erabiltzen diren berberak dira. Ez da deus berezirik. Eskola publikoan bezala gara, baina ez dizkigute haien erregelak aplikatzen.
Frantziako Hezkuntzak ordaindu beharko lituzkeen zenbat irakasle postu ordaintzen ditu Seaskak?
Ikasturte honetan hamazazpi irakasle lanpostu ordaintzen ditu Seaskak bere sakelatik. Heldu den sartzerako, deus aldatzen ez bada, Seaskak 22 irakasle ordaindu beharko ditu. Ekonomikoki jasanezina da egoera, eta argi dago murruaren kontra goazela horrela.
Manifestaziorako deialdia egin zenutelarik erran zenuen horrela segituz gero bi urteko epean Seaska desagertze arriskuan zegoela. Horren beltza al da egoera?
Badakigu Seaskaren gisako egitura batek ibilbidea bermatzeko diru funtsa behar duela. Behartzen bagaituzte orain arte bezala segitzera, funtzionamendurako dirua aitzinatu behar badugu, duguna eta ez duguna jango dugu oso epe laburrean. Aitzinatzeko dirurik ez bagenu, ezingo genuke bermatu eguneroko jarduna. Bistan da, Seaskak baditu ondasunak; baina hori xahutzea erabakiko bagenu, gure geroa arriskuan ezarriko genuke.
2009an historikotzat jo zenuten hitzarmen bat izenpetu zenuten Frantziako Hezkuntza agintariekin, Euskararen Erakunde Publikoa arartekoa zela. Nola ulertu gaurko egoera orduko hitzarmena kontuan hartuz?
Maila anitzetan balio handiko hitzarmena izan zen hura. Agiri ofizial batean, Frantziako Hezkuntzak Seaska murgiltze eredu gisa onartzen duen lehen aldia izan zen. Egoera zaila izanik ere, hitzarmen hori ez da hautsi. Ikastola gisa onartu gaituzte. Sortu zelarik Seaska, eskola gisa ere ez zuten onartzen. 1981ean kultur arloko irizpideak baliatuz eman ziguten laguntza, eta 1994ra arte beha egon behar izan genuen eskola gisa onartuak izateko. 2009an onartu dute Seaska eredu gisa, hitzarmen horren bidez. Bai euskararen alde egindako lanarengatik, murgiltze ereduan, eta bai hezkuntza arloan.Bi ildo horiek ezagutuz, ikastola gisa onartu gaituzte. Batzuek pentsatuko dute sinbolikoa dela, baina badakigu gure borroka ikurrez beterik dagoela.
Baina ez du lanpostuen auzia konpondu.
Bi parteek hitzarmen bat izenpetu eta errespetatzen dugun lehen aldia da. Alta, hitzarmen horretako puntu batzuk ez dira errespetatzen, eta hori da guk salatzen duguna. Frantziako Hezkuntzak oinarriak zituen baliabide gehiago emateko, baina ez du nahi izan. Hitzarmeneko puntu batek dio garapenak horrela behar izanik lanpostu gehiago esleitzeko hautua duela Frantziako Hezkuntzak. Euskarak baliabide guztiak behar ditu. Ezin ditugu onartu baldintza prekarioak. Euskararen eta hezkuntza ereduaren kalitatea bermatzeko, gure aldarriek duinak izan behar dute, ez gutxienekoak.
Ahalmen urriko haurren integrazioa dela eta, etengabeko borroka du Integrazio Batzordeak. Zertan da?
Seaskak berak, Handik kolektiboak eta Integrazio Batzordeak egoera salatu eta auzitara eraman dugu Frantziako Hezkuntza. Harrigarria da ikustea auzi guztiak irabazten ditugula baina deus ez dela aldatzen. Ez gaituzte entzuten. Ez dizkigute zor dizkiguten baliabideak ematen. Gu ez ginen legearen beha egon haur horien integrazioa bermatzeko.
Paxkal Indo. Seaskako lehendakaria
«Frantziako Hezkuntzarekin harremanak etsigarriak izan dira; ezin gara geldirik egon»
Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez dio ematen Seaskari ikasle kopuruari dagokion irakasle kopurua, eta arazo ekonomiko horren aurka manifestazioa egingo du Baionan larunbat honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu