Frantziako Poliziak Julen Mujika eta Intza Oxandabaratz atxilotu ditu

Goiz guztian etxe miaketa eginik, atzo arratsaldean eraman zituzten Baionako polizia etxera, eta gaua han pasatu duteLarunbateko manifestazio jendetsuari eman erantzuna dela salatu du Askatasunak

Intza Oxandabaratz (erdian) eta Yolanda Molina abokatua (jaka gorriduna), atzo, poliziaz inguratuta. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Atzo goizean atxilotu zituen Frantziako Poliziak Intza Oxandabaratz eta Julen Mujika, Donibane Garazin (Nafarroa Beherea), haien etxebizitzan. Mujika pasaitarra eta Oxandabaratz gamartiarra bikotea dira, eta bost hilabetez haurdun da emakumea. Laurence Levert Parisko epaileak agindu zuen operazioa, 2009an Herault Frantziako departamenduan atzeman zulo batzuekin zerikusia dutelakoan, polizia iturriek diotenez. Arratsalde erditsutan, Baionako polizia etxera eraman zituzten eta gaua han pasatu zuten atxilotuek.

Goizeko zortziak aldera sartu zen polizia Oxandabaratz eta Mujikaren etxera. Bertan egon zen terrorismoaren aurkako Parisko polizia ere. Espainiako karrikako lau sarrerak hetsi zituzten, eta zazpi orenez aritu ziren etxea miatzen. Guztira hamar bat polizia-kamioi ziren karrika inguruan ikusgai. 15:00etan bukatu zen miaketa. Orduan, eraman zituzten Baionako polizia etxera.

Haien abokatuarekin hitz egin ahal izan zuten atxilotuek. Behin baino gehiagotan, Europak gogor kritikatu zituen Frantziako Estatuan ziren atxiloketaldien baldintzak, galdeketak abokataren presentzia gabe burutzen zirelako. Frantziako Kasazio Gorteak apirilean erabaki zuen ordura arteko legediaren erreformatzea, abokatua ikusteko eskubidea emanez. Ordu erdi batez hitz egin ahal izan zuten Yolanda Molina abokatarekin.

Berria jakin eta laster, berrogeibat lagun elkartu ziren karrikaren puntan, elkartasuna adierazteko bi atxilotuei. Eguerdi aldera jendea beti hor zegoen, multzo handiagoan. Lagunak, senideak guztira hirurogei bat lagun ziren baturik, tartean Aurore Martin Espainiaratua izateko arriskupean den Batasuneko kidea. «Hor izan behar gara denak, errepresioa pairatzen dutenen ondoan, sostenguz egon behar gara, hemen da gure tokia», zioen Martinek Euskal Irratiei eguerdiko berri sailean egin elkarrizketan. 19:00etan burutu zuten elkarretaratzea Donibane Garaziko herriko etxe aitzinean, 150 lagunek. Baionan eta Maulen Josu Esparzaren Espainiaratzea gaitzesteko egin elkarretaratzeetan ere gogoan izan zituzten bi atxilotuak. Hala nola, bukaerako hitz hartzean horien askatzea exijitu zuen Alice Leizagezahar Europe Ecologie Berdeaktaldeko kontseilariak, zehaztuz «nahiz Frantziak gaur bortizkeria erabili, konponketaren aterabide demokratikoa eskatzen segituko» dutela.

Izan Oxandabaratz eta Mujikaren atxiloketakedo herenegun burutu Esparzaren Espainiaratzea, Frantziako Estatuak larunbatean Baionan Euskal Herria: konponbide demokratikoa orain! lelopean burutu manifestazioari eman erantzunak direla gaitzetsi zuen Askatasunak.

Parisen erantzuna

Gogor salatu zituen Askatasunak Oxandabaratz eta Mujikaren atxiloketak: «Errepresio politiko hutsa da, epe motzeko etekin mediatikoa bilatzen duen betiko ildo antzu eta miserablea». Larunbatean egin manifestazioari eman erantzun gisa hartu zuten anitzek polizia operazioa. Orduan, 4.000 lagun bildu ziren Baionan, hogeita bost eragilek deiturik, gatazka politikoaren konponbidean sartzea galdatzeko Frantziako Gobernuari.

Ezker Abertzaleak ere salatu zituen atxiloketak prentsa ohar baten bidez. «Euskal jendartearen aldarriarekin bat egitea» eta «ekinbide errepresibo oro alboratzea» exijitu zioten Parisi. Euskal Herrian ireki den agertoki berriak «borondate eta jarrera eraikitzaileak behar dituela» erranik,errepresio eta jazarpen polizial oro behin betiko etetea «ezinbestekotzat» jo zuen ezker abertzaleak. «Baionako manifestazioak erakutsi du Euskal Herriak zer nahi duen. Jendetsua izan da. Alta, atxiloketa hauekin Estatuaren erantzuna etorri da. Mezu zuzena eta sinplea igorri digu: ez duelaprozesu demokratikoan sartzeko nahikeriarik eta bere hautu estrategikoa errepresioa areagotzea dela erran digu», adierazi du Batasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.