Frantziako Tourra Euskal Herrian ibili dela «argi» geratu dela diote

Gure Esku-k iragarri du Espainiako Vueltan ere mobilizazioak antolatuko dituela irailean

Gure Esku-ko kideetako batzuk, atzo, Bilbon egindako agerraldian. GONTZAL MENDIBE MIGUEL.
Gontzal Mendibe Miguel
Bilbo
2023ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Frantziako Tourra lau egunez nondik ibili den «argi» geratu dela nabarmendu du Gure Esku-k; euskal herritarrek Euskal Herria denen ahotan jartzea lortu dutela goraipatu du. Euskal Herria munduan-Euskal Herriak erabaki kanpainaren balorazioa egin zuen atzo goizean, Bilbon. Kanpainaren emaitzak «zoriontsuak» izan direla adierazi zuen Gure Esku-ko bozeramaile Josu Etxaburuk, eta lanean jarraitzeko gogo handiz daudela azpimarratu zuen.

Ikurrin uholde bat sortzeko eta Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria lau haizeetara zabaltzeko, Gure Esku Frantziako Tourraren «oihartzun mediatikoaz baliatu» zen larunbatetik astelehenera eta asteazkenean, mobilizazio deiek iraun duten lau egunetan.

«Euskaldunon mezua mundu osora» iritsi izana herri oso baten elkarlanaren emaitza dela goraipatu dute: «Munduari ez ezik, geure buruari ere gogorarazi diogu ezinezkoak diruditen gauzak posible egiteko gaitasuna dugula elkarrekin aritzen bagara». Elkarlanak «burujabeago» egiten dituela esan du Etxaburuk, eta aurreratu du hurrengo erronkei ere denon arteko lanarekin erantzungo dietela, hori baita «jarraitu beharreko bidea».

Kanpainak izandako erantzunak «pedalkadaz pedalkada aurrerantz» doazela konturarazi ditu mugimenduko antolatzaileak, eta «herri gisa» erronkei aurre egiteko «gai» direla oihukatu dute. Errepide izkinetan ikusi diren ikurrin guztiak «burujabe» izan nahi duen herri baten «ikur» gisa aurkeztu ditu Gure Esku-k.

Jarduerek izan duten erantzunarekin «pozik» agertu badira ere, erronka berriei aurre egiteko garaia iritsi dela aurreratu du Gure Esku-k. Hori dela eta, irailean Espainiako Vuelta Nafarroatik pasatuko dela baliatuz, hainbat jarduera antolatuko dituzte; irailaren 9ko etapa Larra-Belaguan amaituko da, eta irailaren 10ekoa, Iruñetik irten eta Lekunberrin amaituko da. Egun bietan antolatuko dira hainbat ekintza, betiere Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena ardatz izanda.

Kanpainaren balorazioa bukatzeko, Gure Esku-k etorkizunerako hausnarketa bat zabaldu du: «Tourrean egindako egitasmoetan, etapaz etapa, hasieratik helmugara, argi utzi dugu: erabaki nahi duen herri bat gara, harrera herria; gure artean ez dugu mugarik nahi, eta, gaurko helmuga abiapuntutzat hartuta, burujabetza osoa lortu arte, bidean jarraituko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.