Maribi Ugarteburu (Udalbiltzako auzipetua)

"Fundamentu eskaseko epaitegiaren menpe gaude"

Udalbiltzaren aurkako epaiketako laugarren saioaren ostean Maribi Ugarteburu auzipetuarekin hitz egin du BERRIA.INFOk. Auzipetuek "jarduera publiko baten kontaketa" egin dutela adierazi du, eta akusazioaren lekukotzak "azalekoak" ez ezik, "desastre bat" eta "erridikulua" izan direla. Irailaren 13an ekingo diote berriro epaiketari, eta auzipetuak "indarrez" dauden arren, orain atseden hartuko dutela dio Ugarteburu Amorotoko alkate ohiak, "Auzitegi Nazionaletik pasatzea ez baita samurra".

2010eko uztailaren 23a
18:27
Entzun
Aurreko asteko ostegunean hasi zen Udalbiltzaren aurkako epaiketa, eta auzipetuok deklaratu zenuten. Zer balorazio egiten duzue?

Epaimahaiari garbi adierazi genion Udalbiltzaren sorrera nolakoa izan zen, helburuak zein ziren, funtzionamendua, erabakiak nola hartzen ziren; azken batean, Udabiltza zer izan den adierazi genion. Ezer berririk ez. Aurreko astean esandako guztia, jarduera publiko baten kontaketa besterik ez zen izan. Jarduera horiek publikoak eta jakinak ziren. Hori azaldu behar izan dugu epaitegi batean, ikaragarrizko zigorrak eskatzen dizkigun fiskalaren aurrean. Hori da harrigarriena.

Aste honetan poliziak izan dira hitza hartu dutenak, akusazioaren lekuko gisa. Zer itxura?

Gauza handirik ez dute esan, ez dute ia ezer gogorotzen; zazpi urte pasatu dira Udalbiltzaren kontrako operaziotik. Orain ez dakigu lekukotza horiek zer pisu izango duten, ez baitute ezer aportatu. Polizia horiek, atxiloketak egin eta lokalak miatu zituztenak dira, baina oso azaleko kontuak eman dituzte: nolakoa zen lokala, nolako dokumentazioa topatu zuten... Ez diogu zentzu handirik topatu. Eta beste gauza bat: zazpi poliziak eman behar zuten lekukotza gaur, eta denek eman dute, baina atzo hamasei polizia zeuden deituta eta erdiek ez zuten lekukotzarik eman, aitzakia asko argudiatuta. Desastre bat, erridikuloa. Sentsazio hauxe daukagu: gure destinoak honelako fundamentu eskasa duen epaitegiaren menpe daude. Inpontentzia aregotu egin zaigu, beraz.

Epaiketa politikoa al da?

Bai. Epaiketa hasi baino lehen esaten genuen epaiketa politikoa dela, baina jarduera politikoa ezin dela zigortu. Hemen frogatu egin da hori; epaitegi penal baten aurrera etorri behar izan dugu lan politikoa azaltzera. Zer pintatzen dugu hemen? Epaiketa hau ez zen egin behar, Udalbiltza ez zuten sekula epaitu behar. Auzia guztiz politikoa da. Hori da gure balorazioa. Euskal Herrian eduki beharko litzatekeen eskubidea ari dira epaitzen. Ez dago eskubiderik, baina hori ari dira egiten.

Irailean jarraituko du epaiketak. Hemendik aurrerako nola zaudete?

Indarrez gaude. Orain atseden hartuko dugu; guztiok behar dugu, Espainiako Auzitegi Nazionaletik pasatzea ez baita batere samurra. Animoz eta gogoz ondo gaude, ikusten dugulako herrietan egiten ari diren ekimenak hor daudela. Iritzi publikoari begira, gehiengo zabal batek, kolore askotarikoak, auzi politikorik ez dela egin behar adierazi du, estatu demokratiko batean ez dela horrelakorik gertatu behar. Iritzi publikoaren azken lekukotza, adibidez, aurreko larunbateko manifestazio nazionala izan zen. Data ez zen ona, baina oso gustura geratu ginen erantzunarekin, batez ere lortu zen aniztasunarekin: bertan zeuden denetariko herritarrak, gizarte eragile asko, ezker abertzalea, EA, Aralar, EAJ edo Alternatiba. Hegoaldeko udal ordezkari sozialistak ere bai; gutxi izan ziren azken horiek, baina hor egotea guretzat garrantzitsua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.