euskal presoak

Funtzionario batek Mikel Otegi presoa "erasotu" duela salatu du Askatasunak

Askatasunak salatu duenez joan zen ostegunean Mikel Otegi Fresnesko (Paris, Frantzia) espetxetik erietxera azterketa mediko bat egitera eramaterakoan funtzionario batek "probokatu" egin zuen presoa, eta Otegi "defendatu" egin zen. Presoari prozedura penal bat ireki diotela salatu du Askatasunak. Otegi ez zuten erietxera eraman, eta mitardean (zigor ziega) sartu zuten. Askatasunak azaldu duenez "hiltzeko saiakera" egitea leporatuta prozedura penala ireki diote Otegiri.

2005eko urriaren 10a
16:55
Entzun
Askatasunak zabaldu duenez, Otegiri eskuburdinak bizkarraldean lotzen saiatu zen funtzionarioa, eta presoa kexatu egin zen, aurrean lotu behar direla esanez. Beste funtzionario batek arrazoia eman zion presoari, eta aurrean lotu zizkioten. Erietxera eramateko eskuak eta hankak lotu zizkioten eskuburdinekin, eta orduan funtzionarioa "Otegi lurrera botatzen saiatu" zela azaldu du Askatasunak. Otegi "defendatu" egin zen.

Erietxera eraman beharrean mitardean sartu zuten presoa, eta ordu batzuk geroago Pariseko polizia-etxe batetara eraman zutela dio Askatasunak. Han egun bat eta erdi pasatu zituen, eta prozedura penal bat ireki zioten "hiltzeko saiakera" egitea leporatuta. Otegi hilaren 24an epaituko dute, honakoa leporatuta: "funtzionarioaren aurka erabilitako bortizkeria 8 eguneko inkapazitatea ekarri diola, bi agrabanteekin funtzionarioa bat erasotzea eta horretarako arma bat (eskuburdinak) erabiltzea".

Askatasunak salatu duenez "euskal preso politikoek Frantzian zein Espainiako presondegietan jasotzen duten eskubideen urraketek inpunitate osoarekin pasatzen dira". Gogor salatu dute gertatutakoa: "Euskal preso politikoak suntsiteko helburuarekin espetxeetan daramaten gerra politikari, gorrotoan eta mendekuan oinarritzen diren erasoak gehitu behar zaizkie, hauek ere, inpunitate osoz burutzen dituztelarik, eta hori ez da okerrena eta larriena, baizik eta duten inpunitateari gehitu behar zaio erasotua erasotzaile gisa epaitzen dutela".

Beraz, Frantziako agintariei eskaera zuzena egin diete: "espetxeetan euskal preso politikoak suntsitzeko nahian daramaten gerra politika honekin amaitu behar dutela, euskal preso politikoei dagozkien oinarrizko eskubide zein eskubide politikoak onartu eta errespetatu, gatazka politikoa gainditzeko bidean urratsak eman, euskal presoak Euskal Herriratuz".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.