Osasun publikoa. EAEko tabakoaren legearen aldaketa

Futbol zelaietan erretzea ere debekatzeari bidea ireki diote

Kirol instalazio irekietan erretzaileentzako guneak mugatzeko aukerari bidea zabaldu dio Legebiltzarrak onartutako lege aldaketakLegearen ikuskatzaileek Ertzaintzaren laguntza eskatzeko aukera izango dute

Realeko zale bat, purua ahoan eta erretzea debekatuta dioen pegatina kamisetan duela, San Mamesen. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
EAEko tabakoaren legearen aldaketak jokalekura atera du futbol zelaietan erretzea arautzeko eztabaida. Eztabaida horretarako oinarria ezarri du Eusko Legebiltzarrak, erretzea debekatuta dagoen tokien zerrenda zehaztu duenean. Hain zuzen ere, 23. artikuluan, estali gabeko kirol instalazioetan adingabeei bideratuta ez dauden ekimenetan erretzeko aukera egongo dela zehaztu du, baina «horretarako jarritako eremuetan» bakarrik.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak atzo ia aho batez onartutako legeak ez du modu zehatzean debekatzen futbol zelaietan erretzea. Dena den, testuak agerian utzi du estali gabeko kirol instalazioen jabeek erabaki bat hartu beharko dutela gai horren inguruan. Hau da, erabaki beharko dute zelai osoan erre ahalko den, edo gune jakin batzuk ipiniko dituzten erretzaileentzat. Eusko Jaurlaritzari dagokio epeak zehaztea hori egin dezaten, legearen garapena egiteko orduan.

Puntu hori «eztabaida sortzeko asmoarekin» sortu dela onartu du Celina Peredak, Eusko Jaurlaritzako Droga Menpekotasunen arloko zuzendariak, baina zehaztu du futbol zelaietan debekurik ez dela ezarriko legearen aldaketa indarrean sartzen denean. «Lege baten helburua ez da ohitura bat egun batetik bestera aldatzea».

Estali gabeko kirol instalazioei buruzko puntua gizarte politika, lan eta berdintasun atzordean onartu zen, eta «koherentzia» emateko helburuarekin gehitu zela azaldu dute batzordeko kideek. Futbol zelaietara ere adingabeak joaten direla gogorarazi dute, eta inguruan erretzen duten pertsonaz inguratuta egon daitezkeela. Beste toki batzuetan erabateko debekua ezarri dela kontuan hartuta, «koherentziagatik» futbol zelaietan erretzeari buruzko eztabaida bultzatu nahi izan dutela azaldu dute, baina debekurik ezarri gabe.

Eusko Legebiltzarreko talde gehienek bozkatu zuten atzo tabakoaren legearen aldaketaren alde. UPyDk baino ez zuen aurka bozkatu, legea «murriztailegia» iruditzen zaiola argudiatuta. Ordea, gainontzekoek txalotu egin zuten Legebiltzarrean egindako lanaren ondorioz lortu den adostasuna.

Egoiliarrentzat soilik

Adostasuna bilatzeko ahalegina azken unera arte luzatu zuten legebiltzarkideek, eta EAJren bi zuzenketa onartu zituzten. Espainiako tabakoaren legearen arabera ospitale psikiatrikoetan eta espetxeetan erretzeko guneak egokitzeko aukera zehaztu du Eusko Legebiltzarrak. Instalazio horietako egoiliar adin nagusikoek, presoek edo gaixoek baino ezin izango dituzte erabili, ez langileek eta ez bisitan doazenek.

Horrez gain, batzordean onartutako zuzenketak berretsi zituen osoko bilkurak. Alde batetik, legeak eragindako kalte ekonomikoak aztertu beharko ditu Eusko Jaurlaritzak, bai ikuspuntu zabal batean, bai ostalaritzara mugatutako azterketa ekonomiko batean, legea indarrean sartzen denetik urtebetera. Legeak eragin kaltegarriak izan baditu, horri aurre egiteko laguntzak emateko aukera izango du.

Dena den, EAEko legeak ez die aitortzen inolako kalte-ordainik 2005eko legea aldaketa betetzeko taberna edo jatetxeetan lanak egin zituzten tabernariei. Jaurlaritzak kalte-ordain horiek bideratu ditzan legez besteko proposamen bat aurkeztuko duela aurreratu du Aralarrek.

Tabakoa uzteko programak sustatzeko agintzen dio legeak Jaurlaritzari. Lehen arretako sarea programa horien oinarri bihurtuko du legeak, eta administrazioak programen sustapena egin beharko du osasun etxeetan, lan eremuan...

Espainiakoa, zehaztapenekin

Eusko Jaurlaritzaren lege proiektua bereziki murriztailea zen arren, asmo hori hutsean gelditu zen Legebiltzarretik igaro ostean. Osoko bilkuran onartutako testua Espainiako Kongresuak onartu zuenaren modukoa da, zehaztapen batzuekin. Itxita dauden leku publiko guztietan erretzeko debekua berresteaz gain, estali gabeko kirol instalazioetan erretzea debekatu du EAEko legeak, baldin eta adingabeentzako jarduera bat egiten den, besteak beste.

Legearen jarraipena Jaurlaritzako ikuskatzaileen esku geldituko da, eta ez, Eusko Jaurlaritzak hala proposatu zuen bezala, Ertzaintzaren menpe. Dena den, Ertzaintzaren estatutuetan agertzen den arabera, ikuskatzaileei laguntzeko eskumena dute, haiek hala eskatuko balute. Horrez gain, herritarren salaketa bat tartean badago, Ertzaintzak bertaratu egin beharko du.

Zigorrak ere Espainiako legean baino handiagoak izango dira, tabakoaren lege urraketak eta alkoholarekin gertatzen direnak parekatu ostean isunak ere parekatu dituztelako. Oso zigor larrietan 600.000 euroko isunak izan daitezke, gehienez, eta urraketa motaren arabera administrazio batek edo besteak erabakiko du isuna: udalak, gobernu kontseiluak...

Txokoak, argitu gabe

EAEko legearen ondorioz txokoetan erretzea bazkideen esku utziko duela jakinarazi du Jaurlaritzak, leku itxiak izan arren pribatuak direlako. Ordea,jakinarazi du Espainiako legearen garapena zehaztu nahian kasu horiek aztertzen ari direla batzorde batean, legea bertan ezarri behar den edo ez zehazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.