Indarkeria futbolean. Bortizkeriaren erroak. Miguel Cancio. Soziologoa

«Futbolaren bidez, ezer ez izateari utzi eta zerbait izan daitezkeela konturatu dira»

Futbolean errespetuaren muga gainditzea gizartearen «isla» dela deritzo, eta protagonismo bila ikusten ditu zale zalapartatsuak. Gaztarotik esku ez hartzearen arriskuez ohartarazi du, utzikeria eta neurririk eza sumaturik.

XOAN ALVAREZ.
Oihan Vitoria.
2014ko abenduaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
24 urte dira Miguel Cancio soziologoak (Vegadeo, Asturias, Espainia, 1948) Sociología de la violencia en el fútbol liburua plazaratu zuenetik. Orduan esanikoek, halere, ez dute gaurkotasuna galdu, aurrerapausorik ezaren erakusle. Hara eta hona ekonomista gisa aritua eta Santiago de Compostelako Unibertsitateko (Galizia) irakasle izana, kezkatuta mintzo da.

Futbola. Jarraitzaileak. Indarkeria. Nahasketa saihetsezina da?

Gerrillen arteko gerra bat piztu da azken urteotan. Harmailetako liskarrei galga ezarrita kontrolpean diren arren, ez dute amore eman: futbol zelai kanpoaldera eroan dituzte borrokak. Eta, egia esan, ez zaie gehiegi axola. Futbola tresna bat da gehienentzat. Ohartu dira futbolaren bidez bizitzaren beste esparrutan nekeza zaien protagonismoa beregana dezaketela. Eta ez soilik komunikabideetan. Sozialki ere lortzen dute asmoa: kaletik doazela jendea paretik kentzea, boterea erakustea, beldurra eragitea... Sozialki errespetua dietela sentitzen dute, eta eroso dira.

Baina nola liteke horrela izatea?

Konturatu direlako futbolaren bitartez ezer ez izateari utzi eta zerbait izan daitezkeela bat-batean; indarkeria baliatzeak zer edo zer eman diezaiekeela trukean, bilatzen dutena lor dezaketela. Baina, ez da horrela. Oker daude, erabat.

Zenbaterainoko ardura dauka gaur egungo gizarte ereduak?

Irudi eta espektakulu mediatikoak nagusi diren gizarte batean bizi gara, eta futbola horren parte inportantea da. Futbolean jazotzen den orok beste ezerk baino oihartzun handiagoa sortzen du; modu ikusgarrian, gainera. Bestela, zergatik ez dute jo beste kiroletara? Saskibaloira, errugbira edo eskubaloira? Noski, halakoetan ere badira jarraitzaile zalapartatsuak, baina alderaketan oso urriak dira.

Kontrajarriak diren ideologiek talka egitean al datoz liskarrak?

Bai, eta larria da, oso. Ezker eta eskuineko taldeen, nazionalista eta ez-nazionalisten arteko tirabirak daude arazoaren muinean. Ingalaterran ekin, eta herrialde frankotara zabaldu da. Apurka-apurka tabernak, musika kontzertuak eta eragina izan zezaketen esparruak hartu dituzte 80ko hamarkadaz geroztik, jende gaztea erakartzeko asmotan. Eta lortu dute.

Baztertzera jo ohi dute, hala ere.

Sekta edo ghetto bilakatzen dira; banakoa ezerezean laga, eta kolektiboak du erabakitzeko eskumena. Taldean baino ez dute pentsatzen. Buru jana ikaragarria da.

Balioak kolokan daudela diozu?

Pertsona gisa hobeak izateko sekulako aukera ematen digu futbolak, teorian: galtzen eta irabazten jakitea, errespetuz jardutea... Praktikan ere horrela behar luke, baina gabezia ugari daude. Ezin dezakegu ekintza arriskutsu bat bihurtu, gizarteratzeko baliagarria baita haurrentzat. Globalizazio garaien atarian ere berebiziko garrantzia eduki zuen ekonomiaren lehiakortasuna handitzeko eta esportazioak bultzatzeko.

Aproposa al da legea aldatzea?

Zertarako dago legea betetzen ez bada? Neurri zorrotzak aurretiaz hartu behar dira, ez gero. Prebentzioa da gakoa, eskola eta familietatik hasita. Arriskuak daude bestela. Tolerantziarik eza iritsi behar da futbolera, Ingalaterran bezala.

Erantzuleei futbol zelaiko sarrera debekatzeari aski deritzozu?

Nahikoa ez da, baina bai nahitaezkoa, nahierara segi ez dezaten.

Kritiko mintzo zara. Zergatik?

Kontrol eta neurririk ezak ondorio larriak dituelako: norbaiti bizia kentzeko odol hotza eduki behar duzu, baina, lehenik, mentalki hil behar duzu, haren izen ona zikindu behar duzu, zilegitasuna ukatu behar diozu. Badirudi orok balio duela kirol giroaren aitzakian: fanatismotik edo buruberokeriatik basakeria larrira pauso bat baino ez dago. Gaia gizarteratzeaz gain, formazioa ere behar da.

Zer proposatzen duzu?

Jarrera aldatzea, une bakoitzean tentuz jokatzen jakiteko. Joko garbia politikan eta esparru publikoan ere ezarri behar da, erantzukizunez errespetuzko neurriak harturik. Zintzotasuna eta profesionaltasuna dira baldintzak; ez bakarrik lanean edota elizan. Futbolean ere.

Kontrakoa gertatu ohi da, ordea.

Usadio kontu bat da. Inguruko lekuetan ez da halakorik gertatzen. Hemen, berriz, normaltzat dugu aurkariari irainak, isekak eta txistu egitea. Zergatik? Ohituta gaudelako zigorrik ez jasotzera. Zoritxarrez, jendeak barneratuegi du indarkeria fisikoa eta hitzezkoa. Zitala da eragina, zenbaitzuk uste baitute zilegi dela errespetuaren muga igarotzea futbolean. Gizartearen isla da: txantxetan hartzen da. Denoi dagokigu futbola zaintzea. Legea urratzeko dela dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.