Gaikako bilketa %35etik %81era igo da Hernanin, atez atekoarekin

Errefusa 442 tonatik 68ra murriztu du udalerriak, eta, beraz, 565.000 mila euro aurreztuko ditu urtean

mikel p ansa
Donostia
2010eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
«Emaitza hauekin, berriro frogatu dugu errauste plantarik ez dela behar». Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkatea (Gipuzkoa) pozik agertu zen atzo, atez ateko hondakinen bilketak eman dituen lehen datuak erakustean. Maiatzaren 9an hasi zen bilketa sistema berria Hernanin, eta hondakinen %81,04 bereizita jaso dutela aurreratu zuen alkateak. Bereizita bildutako beiraren eta pilen datua falta da oraindik, baina emaitzak «ikusgarriak» direla nabarmendu du Izaskun Txintxurreta Ingurumen zinegotziak: «Iragarpenak gainditu ditugu. Sekulako jauzia da».

Atez ateko bilketarekin hasi aurreko hilabeteetan, hondakinen %35,5 biltzen zen Hernanin bereizita -Gipuzkoako batez bestekoa %23 ingurukoa izan zen iaz-. Txintxurreta pozik zegoen, baita ere, errefusak «ikaragarrizko jaitsiera» izan duelako: iazko maiatzean 442,1 tona errefus bildu ziren Hernanin -hondakin organikoak ez baitziren bereizten-; atez atekoa jarri eta lau astean 68,1 tona errefus bildu dira. «Sei aldiz errefus gutxiago sortzen dugu orain», ohartarazi du Txintxurretak.

Zabortegira eramaten den errefus tona bakoitzeko 126 euro ordaintzen dute udalek. Hernaniko Udalak iazko maiatzean baino 374 tona gutxiago eraman ditu zakarretara azken lau asteotan; kontuak eginda, Hernaniko Udalak hilero 47.124 euro aurreztu dituela jakinarazi du Txintxurretak -urtean, 565.000 euro aurreztuko lituzke udalak-.

Errefusaren kopurua jaisteaz aparte, bereizita bildutako gai organikoen kopurua asko handitu da. 2009ko maiatzean 9,4 tona organiko ez ziren zaborretara joan Hernanin, etxean konposta egiten zutenengatik; atez atekoa jarriz geroztikako lau asteetan 161,4 tona organiko aprobetxatu dira konposta egiteko. 161,4 tona horien barnean, etxean konposta egiten dutenek jasotako 33 tona organiko daude. 700 familia ari dira konposta egiten Hernanin, eta beste 150 hasteko zain daude.

Gai organikoak bereizita biltzeko bosgarren edukiontzia erabiltzen dute Gipuzkoako bost herritan -Aretxabaleta, Azkoitia, Azpeitia, Zarautz eta Zumaian- eta Donostiako Amara auzoan. Denen artean 70 bat tona organiko biltzen dituzte hilero. Hernanin eta Usurbilen, atez ateko bilketarekin, 251 tona organiko jasotzen hasi dira hilero. «Atez ateko bilketa bosgarren edukiontzia baino 12,4 aldiz eraginkorragoa da», zehaztu du Txintxurretak. Bosgarren edukiontziarekin 870 tona bildu beharko lirateke hilean, emaitzak parekatzeko.

Beitialarrangoitiak zehaztu du urtebete behar dela atez atekoaren emaitzak behar bezala aztertzeko, baina etorkizunean «emaitza are hobeagoak» espero dituztela: «Hernani birziklatzearen aroan sartu da». Kalitatean ere emaitzak onak direla ohartarazi du: bereizita bildutako gai organikoen garbitasuna %99koa izaten ari da. Ohartarazi du San Markoko Mankomunitateko herri gehienek jaitsi egin dutela errefusaren kopurua, eta, beraz, inork ezin diela hernaniarrei «egotzi» inguruko herrietara zaborra eramaten aritzea: «Kritika merkea eta faltsua da». Eta zoriondu egin ditu hernaniarrak: «Herritarren erantzuna bikaina izan da; gaur berriro zoriondu behar ditugu, beraiek dutelako emaitza hauen meritua».

«Erraza da %80 birziklatzea»

San Markoko presidente Ricardo Ortegak ere zorionak eta eskerrak eman dizkie Hernaniko Udalari eta herritarrei, eta galdera luzatu du: «Batzuek esaten zuten herri txikietarako bakarrik balio zuela atez atekoak. Orain zer esango dute?». Gipuzkoako «edozein herrik» atez atekoa egin dezakeela frogatutzat jo du Ortegak; Beitialarrangoitiak ere Gipuzkoako udalak animatu ditu atez atekoa jartzera: «Erraza da %80 birziklatzea».

Atez atekoa jarri nahi duten udalerriei eta konposta egiteko plantak egin nahi dituztenei laguntzeko; eskaera hori egin dio Ortegak Gipuzkoako Foru Aldundiari: «Gipuzkoa Europan liderra izan liteke hondakinen kudeaketan; ia errefusik gabeko lurraldea izan liteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.