Azken asteotako datuak adierazgarriak dira: ospitaleratzeak gora doaz Hego Euskal Herrian, etengabe. Azken hamalau egunetako bilakaerari so, Osakidetzak eta Osasunbideak egunero 97,2 pertsona erietxeratu dituzte batez beste; azken urtean izandako daturik ilunena da hori. Laugarren olatu betean, «gainezka» daude Txagorritxuko (Gasteiz) ospitaleko ZIUak, horixe dio Guadalupe Soleto ZIUetako erizainak. Gorakada nabarmen hori kasuen ugaritzearekin lotzen du ezinbestean, baina baita Gipuzkoako zentroek gainezka egin eta pazienteak bertara bideratzearekin ere. Oro har, gero eta ohe gehiago betetzen ditu COVID-19ak Hegoaldean.
Ospitaleek joan den Aste Santutik hona hartu dute joera hori, aurretik izan diren goraldietan jazo izan den ildo berean. Azken oldarraldiak, ordea, badu besteek ez zuten berezitasun bat, osasun profesionalek azaldu dutenaren arabera: ospitaleratutakoen adinak behera egin du; gazteagoak artatzen ari dira orain. «Alde horretatik, nabaritu da txertatzearen eragina. Ia ez da adinekorik erietxeratzen», adierazi du Blai Signesek, Iruñeko Bideko Ama ospitaleko COVID-19 unitateko hematologoak. Harekin bat dator Iñaki Peña Arrasateko ospitaleko zainketa aringarrietako medikua. Berak ere ikusi du artatutakoen adinak behera egin duela. Hala ere, ñabardura bat azpimarratu du: «Ospitaleratutako jendea ez da gaztea, baizik lehengoa baino gazteagoa soilik. Egongo dira 30 urtekoak, baina ez da orokorra».
Alta, gazteagoak izateak ez die saihestu gaixoaldia larri pasatzea. Kontrakoa ere azaldu dute osasun langileek, hau da, pazienteak larriago iristen direla nabaritu dutela. «Iruditzen zait lehenago baino okerrago iristen direla hona. Horrelakoetan, askotan, oso konplikatua izaten da haien egoerari buelta ematea, eta, maiz, gazte xamarrak diren pertsona horiek ZIUetan amaitzen dute, baita intubaturik ere», azaldu du Signesek. Baina COVID-19ak soilik ez, bestelako gaixotasunek jota daudenen egoerak ere okerrera egin duela ikusi du Peñak, artatu behar izan duen jendearen artean. Horren arrazoia «argia» dela dio, jendeak ospitaleetara eta osasun zentroetara joatea atzeratu duela, beldurragatik, eta batzuetan «berandu» dela: «Diagnostiko mordoa atzeratuta daude, ez bakarrik minbiziarenak: anemiak ere asko ikusi dira. Jendea etxean sartuta dago, beldurra duelako ospitaleetara eta osasun zentroetara joateko; azkenean,makal eta berandu etortzen dira».
Erne, etor daitekeenari so
Datozen asteetan egoerak okerrera egitea aurreikusi dute osasungileek, gaurko ospitaleratzeek biharko hilkortasunean eragina dutela jakitun. Horri buruz, baikor dago Peña, egungo hilkortasun tasa «apala» dela iritzita, eta txertoak eskaintzen dion itxaropenaz, egoera lehengora bueltatuko ez dela ziur. Larritasuna bistakoa bada ere, uste du urrun dela iazko udaberriko egoeratik.
Maider Valentzia Nafarroako Ospitale Guneko anestesistak, aldiz, argi du «oso gaizki» direla berriz: «Izurritearen bigarren olatuaren antzeko egoera ari gara bizitzen». Kezkaz begiratzen dio ZIUetako okupazioari buruzko informazioari. «Agintariek datu bat ematen digutenean, adibidez, esaten denean okupazioa %40 dela, hori ez da erreala. Unitateak guztiz beteak dira. Jarri diren adabakiei esker dugu tokia egun».
Koronabirusa
«Gainezka», eta gero eta paziente gazteagoekin
Erietxeratzeek gora egin dute nabarmen Hego Euskal Herrian, batez ere Gipuzkoan. Pazienteen soslaia aldatu egin dela nabaritu dute osasungileek, gero eta gazteagoak artatzen baitituzte. Txertaketaren ondorioa dela adierazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu