Mikel Herrero Amesti. Medikua

«Gainezka gaude, denera iritsi ezinik»

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
2014ko azaroaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lan zama gero eta handiagoa da». Leioako osasun zentroan (Bizkaia) dihardu Mikel Herrero Amestik (1966, Bilbo), familia mediku. 23 urte daramatza Osakidetzan beharrean, eta urteotako murrizketen eragina zinetan agerikoa dela dio. «Gainezka gaude, denera iritsi ezinik». Adibide gisara, haren lanegun bat: 4,5 ordu izaten ditu eriak kontsultan artatzeko: «Denera, egun osoan 35 bat ikusten ditugu. Jarria dugu hamar minutu egiteko bakoitzarekin». Gehienetan denbora tarte hori motz geratzen dela dio. «Gero eta populazio zaharragoa dugu, eta gero eta konplikazio gehiago izaten dira». Horrez gain, administrazioarekin lotutako egitekoak izaten dituzte, telefono bidezko kontsultak —«egunean 5-6 izaten dira»— eta etxez etxe egin beharreko bisitak: «Eguneko bi izaten dira normalean, baina alda daiteke egunaren arabera». Zazpi orduko lanaldian hori guztia egitea oso zaila izaten dela dio. «Askotan motz geratzen da».

Oporrez aparte lanegunen bat jai hartzen badute lan zama oraindik ere astunagoa egiten dela azaldu du. «Izan ere, horrelakoetan, egun bakanen bat jai hartzen dugunetan, normalean ez gaituzte ordezkatzen». Ondorioz, ondorengo egunetan beraiek erantzun behar izaten diote egun librean pilatuz joandako lanari. Estu eta larri ibiltzera daramatza horrek gehienetan: denera ailegatu ezinik. «Askotan komunera joateko baimena eskatzen diet kontsultarako zain daudenei», azaldu du, irri artean.

Kezka handia eragiten dio urteotan lan baldintzetan izan duten kaskartze orokorrak ere. Bost urte daramate soldata igo gabe, eta horren eragina poltsikoetan gero eta nabariagoa dela esplikatu du. «Denbora aurrera doan heinean, gero eta erosteko ahalmen urriagoa dugu». Kezkatuta dago karrera profesionalaren auziarekin ere; beren lan ibilbidean kategoriak igoz joateko bidea ematen die osasun arloko profesionalei, baina 2011. urtetik geratuta dago horretarako prozesua Osakidetzan. «Ondorioz, orain zailagoa da maila batetik bestera igarotzea», azaldu du. Ekonomikoki kaltea dakarrela dio; baita langileen eskubideekin lotutako beste hainbat kontutan ere. «Orain zailagoa da, esaterako, lekualdatzeak-eta lortzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.