Hego Euskal Herrian 822 kasu izan direla jakinarazi dute Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko Osasun Sailek; udako kopururik handiena. Bigarren aldia da udan zehar 800 kasuren langa gainditzen dela; abuztuaren 21ean baino kasu bat gehiago atzeman dute. Bezperako datuekin alderatuta, aldea nabarmena da: 251 kasu gehiago atzeman dituzte. PCR proben kopurua ere, halere, handiagoa izan da: 9.980 test egin dituzte azken orduetan, atzo 7.240. Ipar Euskal Herrian, PCR proba guneetan doako testak egiten aritu dira egunotan, eta, jakinarazi dutenez, 47 kasu atzeman dituzte Donibane Lohizunen, Bidarten eta Urruñan (Lapurdi). Aldi berean, Eskualdeko Osasun Agentziak beste 20 kasu detektatu ditu Lapurdin eta Nafarroa Beherean. Beraz, 889 positibo zenbatu dituzte azken orduetan Euskal Herrian.
Positiboez gain, beste datu bat ere jakinarazi dute agintariek: abuztuaren 17tik 23ra bitarteko astean COVID-19a zuten 25 pertsona zendu ziren Hego Euskal Herrian; horietatik hogei gaitzaren ondorio zuzenengatik. Hau da, abuztuaren 10etik 16ra hil zirenak halako bi: hamabi izan ziren orduan COVID-19a zuten hildakoak, lau eragin zuzenagatik. Gainera, positibo emandako beste bost pertsonan ere hil dira. Udako agerraldiek gazteengan izan zuten eragina hasieran, eta, horrenbestez, intzidentzia txikia izan zuen ospitaleetan zein heriotza kopuruetan. Azken egunetan, baina, aldatuz joan da joera hori. Birusa adinekoengana heltzen hasi da; zahar etxetan atzeman diren kasuak adibide argia dira. Hego Euskal Herrian 140 egoiliar daude kutsaturik, eta zortzi zendu dira egunotan. Azken orduetan hiru egoiliar hil direla jakinarazi du Bizkaiko Foru Aldundiak.
Horrek, beraz, eragina izan du ospitaleratzeen hazkundean eta baita heriotza kopuruan ere. Azken orduetan 37 eri sartu dira Hego Euskal Herriko erietxeetan. Oraintxe bertan, beraz, 286 gaixo daude ospitaleraturik gaitzaren eraginez; horietatik 39 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan daude.
Herrialdeka, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien, 363, baina Gipuzkoako intzidentziak ugaritu egin dira: 215 positibo detektatu dituzte, bezperan baino 38 gehiago. Badirudi birusa tokia hartzen ari dela herrialde horretan, bereziki hiriburuan: 91 kasu atzeman dituzte Donostian. Izan ere, gaueko aisialdiari loturiko agerraldi bat dago hirian. Nafarroan, 122 kasu berri izan dira, eta Araban, 96. Erkidegotik kanpo beste 26 positibo detektatu ditu Jaurlaritzak. Gernika izandako oldarraldia da oraintxe beste arretaguneetako bat, baina badirudi agerraldia apalduz doala: hamahiru kasu atzeman dituzte azken orduetan. Asteazkenaz geroztik, 107 kasuren berri eman dute.
Ezkerraldean intzidentzia handia
Ezkerraldeko herrietan kasu ugari agertzen ari dira egunotan. Barakaldon, Santurtzin eta Sestaon (Bizkaia) intzidentziak handiak dira, baina azken orduetan koska bat egin dute gora, Sestaon bereziki. Herri horretan, 39 kasu atzeman dituzte azken orduetan, eta hau da intzidentzia tasa: 1.000 biztanleko 397. Barakaldon ere 25 kasu izan dira, eta Santurtzin, 16. Inguruko beste herri batzuetan ere igartzen da intzidentzia hazi egin dela: Gettxon, esaterako, 36 kasu atzeman dituzte.
Edukierak mugatuko dituzte Nafarroan
Pandemiaren bilakaera ikusita eta ikasturte berriari begira, Nafarroako Gobernuak neurri batzuk zorroztuko dituela iragarri du. Ekainean onartu zuen gobernuak normaltasun berrirako foru dekretua, eta, orain, aldaketa batzuk egitea adostu du. Santos Indurain Osasun kontseilariak esan du abagune «konplexua» dela hau, eta ikasturte berrirako prestatzeko egokiera dela orain. Horregatik, zuhurtziaz jokatzeko eskatu du: «Egoerak hobera egitea eta intzidentzia jaistea lortu behar dugu ikasturte hasierarako».
Gobernuak onarturiko murrizketa berriek jende pilaketa eragoztea izango dute helburu. Arlo pribatuan debekurik ezartzeko eskumenik ez izan arren, kontseilariek herritarrei galdegin die ez egiteko hamar pertsona baino gehiagoko bilkurarik, izan eremu pribatuan edota publikoan. Gainera, derrigorrez betebeharreko murrizketak ere iragarri ditu: gurtza eremuetako edukiera %50era murriztuko da; ezkontzetan eta antzeko ekitaldietan 35 pertsona bildu ahal izango dira gehienez ere, eta 75 kanpoan bada; ekitaldi jendetsuetako edukiera 350 pertsonaka izango da barnealdean, eta 700 pertsonakoa kanpoaldean, eta zaharren zentroetako edukiera ere erdira murriztuko da.