Sortu ezker abertzalearen alderdiak bere oinarrizko eskubideak urratuta ikusi ditu Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakian. Atzo kaleratutako prentsa ohar batean aditzera eman duenez, alderdi berriari izena emateko aukera ukatzea «erabaki politiko batean oinarritzen den eskakizuna» da, eta horrek zuzenbidezko edozein estatutako herritarrek dituzten oinarrizko eskubideak urratzen ditu.
Astearteko atxiloketak euren aurka baliatu nahi dituztela salatu du, euren isiltasuna legez kanpo uzteko froga gisa erabiliz: «Deigarria da ikustea gure ilegalizazioa eskatu dutenak eta isiltasun politikora zigortu nahi gaituztenak direla, hain zuzen, aipatutako gertakari horien aurrean adierazpen publikoak egin ditzagun galdegiten digutenak».
Bere sinesgarritasuna zalantzan ikusita, zuhurtasunaren eta koherentziaren alde egin du Sortuk; oraindik legezko erakundea ez denez, ez duela posizio politikorik hartuko esan du: «Sortuk, erakunde legala den egunean, inolako zalantzarik gabe hartuko du bere gain alderdian ezarritako oinarri eta konpromiso guztiekiko erantzukizuna».
Konpromiso bat berretsi du, ordea: indarkeria oro gaitzestearena, «biktima guztiak ezagutu eta konpentsatzekoa». Tartean aipatzen ditu ETArena, kale borrokako ekintzak, tratu txarrak eta tortura, eta haiekiko konpromiso sendoa erakusten du: «Adierazitako gaitzespena ez da inola ere 'erretoriko eta instrumentala', egiazko, tinko eta erreala baizik».
Azken egunotan Gasteizen gertatu diren kale erasoek Sortu jarri dute kritika eta azalpen eskaera berrien jomugan. Herenegun iluntzean Vital Kutxako sukurtsal batek jasandako erasoa eta atzo goizaldean gertatutako sutea zuzenean kale borrokarekin lotu ditu Ertzaintzak, epaileak halakorik oraindik ebatzi ez duen arren –atzo eskatu zituen gertaerei buruzko argibideak–. Berehala hasi dira hainbat alderdi Sorturi kontuak eskatzen.
Arabako PSE-EEk, esaterako, adierazi du Sortuk erasoak gaitzesteak erakutsiko lukeela «egin duten apustua zintzoa dela eta demokrazian benetan sartu nahi dutela». Patxi Lopezlehendakariaren ustez, ezker abertzalea horretarako «aukera baliotsuak» alferrik galtzen ari da, besteak beste, astearte goizean Bilbon izandako atxiloketak ez dituelako txalotu; horrek «gizartean dauden zalantzak uxatzeko» balio dezakeela uste du. Dena den, Sortu hauteskundeetan egotea nahi luke, horrek esan nahiko lukeelako «ETA behin betiko amaierara heldu dela».
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak ere uste du Sortuk kale eraso horien aurka hitz egiten ez badu, ez duela bere estatutuetan dioena beteko. Gernikako Akordioaren sinatzaileei ere dei egin die Sorturekin zorrotzak izateko indarkeria arbuiatzea eskatzerako garaian.
Espainiari ere kritikak
Andoni Ortuzar EAJko BBBko presidentearen ustez, «ona» litzateke Sortuk argi uztea «bere inguruko inor ezin daitekeela horrelako ekintzetan nahastuta egon». Aste honetako atxiloketen harira, esan du legeak ez duela inon aipatzen polizia operazioak txalotu behar direnik, eta eskatu du hori ez erabiltzeko aitzakiatzat Sorturen legalizazioa oztopatzeko. Ortuzarrek Espainiako Gobernua ere kritikatu du, erabakia Auzitegi Gorenaren esku uztea «egin zezakeen gauzarik errazena» dela iritzita.
Ezker Batuko legebiltzarkide Mikel Aranak ere Espainiako Gobernuaren aurka egin du: esan du Estatuaren abokatuak egindako eskariaren bidez, gobernuak «aktiboki» lagundu duela Sortu legez kanpo uzteko prozesuan. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak eta Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak Auzitegi Gorena «gidatu» nahi dutela salatu du.
Aralarrek eta Eusko Alkartasunak gaitzetsi egin dituzte erasoak, alderdi guztiek bide baketsuen alde egin behar dutela argudiatuta.
Sorturen legeztatzea
«Gaitzespena ez da erretorikoa, egiazkoa baizik», dio Sortuk
Alderdi gehienek bi kale eraso gaitzesteko eskatu diote Sorturi, haren sinesgarritasuna zalantzan jarrita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu