EUSKAL PRESOAK

Gaixo dauden presoei legedia aplikatzeko galdegin du Nafarroako Parlamentuak

Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, PSN eta Ezkerraren babesa jaso du ebazpenak, eta aurka bozkatu dute UPNk eta PPk.

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran, gaixotasun larriak dituzten presoei buruzko mozioaren eztabaida. JAGOBA MANTEROLA, ARGAZKI PRESS
2017ko azaroaren 9a
18:53
Entzun

Nafarroako Parlamentuaren gehiengo zabalak onartu du gaixotasun larriak dituzten presoei indarrean den legedia aplikatzearen aldeko ebazpena. Haren arabera, parlamentuak "txosten mediko egiaztatuen arabera gaixotasun larria eta bizi pronostiko laburra edo pairamen sendaezinak dituzten presoen kondenak arrazoi humanitarioengatik berrikusteari buruz indarrean dagoen Estatuko eta nazioarteko legeriaren oinarrizko zioak eta printzipioak sostengatzen ditu".

Horrez gain, parlamentuak arbuiatu egin du Barne Ministerioak gaixo dauden presoak aske uzteari dagokion araudiaz egin duen interpretazioa, gaixo dauden presoak askatzea onartzen baitu, soilik, bi hilabete baino gutxiagoko bizi itxaropena dutela frogatzen bada.  Interpretazio horrek kontra egiten die "espetxe araudiaren izpirituari eta gizatiartasun-printzipiorik oinarrizkoenei, bai eta erabaki horiek ustez hartu beharko lituzketen sendagileen printzipio deontologikoei ere", ebazpenaren esanetan.

Parlamentuak dagokion agintariari galdegin dio "protokolo argi bat" egin dezala, "Espetxe Administrazioak arrazoi humanitarioengatik espetxe zigorraren forma arinagoak eskatu ahal izan ditzan, presoaren eskariz". Protokolo horrek zehaztu beharko lituzke  "neurri hori aplikatzeko gertatu behar diren inguruabarrak, kasu bakoitzari buruz isilpeko txostena emanen duen Adituen Batzordearen sorrera, adituok hartutako erabakia errekurritzeko aukera, erabakia jakinarazteko epeak eta abar".

Eztabaidan Foro Sozial Iraunkorreko, Sare plataformako eta Etxerat elkarteko ordezkaritza bana izan dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.