Gaixo diren presoen egoera azaltzeko, anbulantzia bat ibiliko da herriz herri

Herrira mugimenduak antolatutako kanpaina Nafarroatik abiatuko da, eta Euskal Herri osoa zeharkatuko du

Fran Balda eta Herrira mugimenduko kideak, atzo, Iruñean. Atzean, kanpainako anbulantzia ageri da. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Nafarroatik abiatuta, Euskal Herria zeharkatuko du datozen astetan anbulantzia berezi batek. Herrira euskal presoen aldeko mugimenduak antolatutako kanpainaren barruan, gaixotasun larria duten presoen egoeraren berri emango die herritarrei zuzenean anbulantzia horrek. Fran Balda Herrira-ko eledunak atzo Iruñean azaldu zuenez, kanpainaren helburua da «egoeraren larritasunaz» ohartaraztea herritarrei eta gobernuak «espetxe politika ankerra» aldatzen has daitezen presio egitea.

Iruñeko Bideko Amaren ospitale aurrean aurkeztu zuten kanpaina atzo goizean Herrira-ko kideek. Bertan, Baldak azpimarratu zuen Herrira-ren lehentasuna muturreko espetxe politika gainditzen hastea dela, eta horren barruan sartzen du gaixotasun larria dutenen egoera konpontzea. Baldaren arabera, espetxeetan «egoera larriak» daude.

Adibide gisa jarri zuen Txus Martin eta Jose Mari Perezen egoera. Martinek eritasun psikologiko larria du, eta, aspaldidanik aske uzteko aldarrikatzen ari badira ere, otsaila hasieran Auzitegi Nazionalak uko egin zion eskaera horri. Jose Mari Perez preso zarauztarrari, berriz, bihotzekoak eman zion duela gutxi Burgosko kartzelan. Gainera, Nafarroako lau presok ere gaixotasun larriak dituzte: Iñaki Erro preso iruindarrak odol hodietako kardiopatiko iskemiko larria du; Jesus Mari Mendinueta preso arbizuarrak begiko gaitz bat du, eta bi disko hernia lepoaldean eta gerrialdean; Iñaki Etxeberria iruindarrak hainbat patologia ditu begietan, ikusmen galera handia du eta itsu gelditzeko arriskua du. Josetxo Arizkurenek, azkenik, kardiopatia iskemikoa du.

Herrirak gogora ekarri duenez, preso horietako askok hamabost urtetik gora daramatzate kartzelan, eta Mendinuetak, adibidez, bere zigorra iragan maiatzean bete arren, preso jarraitzen du. «Kasu gehienetan, etxetik ehunka kilometrotara sakabanatuak daude, bakartuta, osasun sorospen kaxkarrarekin eta elikadura desegokiarekin». Baldaren arabera, euskal presoen giza eskubideak daude jokoan, eta eskubide horiek urratzen jarraitzeak «ondorio atzeraezinak» izan ditzake.

Lehen asteetan, anbulantziak Nafarroa zeharkatuko du, eta, ondoren, Euskal Herri osora zabalduko da. Gidariak boluntarioak izango dira, eta herri bakoitzean mobilizazioak eta propaganda mezuak banatuko dira. Herrira-k dei egin die herritarrei euren kabuz antzeko anbulantziak martxan jartzeko —www.herrira.org helbidera jo daiteke—. Datorren astean, azken ostiraleko mobilizazioan, 12:00etan, Hegoaldeko lau hiriburuetako ospitaleetan egingo dituzte bilkurak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.