Europan eta Ameriketan oso ohikoak dira ospitaleetako boluntarioak. «Nire neba biak boluntario izan dira Madrilen. Deigarria egiten zitzaidan hemen halakorik ez egotea, odol eta organo emaile gehien dugun lurraldeetako bat gara eta». Arraroa iruditzen zitzaion egoera horri konponbidea ematea pentsatu zuen Maria Rosa Quintanak. «Bizkai osoan Santurtziko San Juan de Dios ospitalea da boluntarioak dituen bakarra, eta hara jo nuen. Hilabete batzuetan hango boluntario izan nintzen». Baina herrialdeko ospitale publikoetan premia zegoela ikusten zuen. Hala, Acompaña-Laguntzen sortu zuen: Bizkaiko ospitaleetako boluntario taldea. Oraingoz, Gurutzetakoan (Barakaldo) dabiltza.
Duela bi urte onartu zien Eusko Jaurlaritzak gobernuz kanpoko erakunde izendapena. Iaz sinatu zuten akordioa Gurutzetako ospitalearekin. Eta aurtengo irailean hasi dira beharrean. Oraingoz, proba modura dabiltza, eta gaixo gutxi batzuk hartu dituzte funtzionatzeko modua finduz joateko. «Nolabait esateko, gaixotasun arinenetatik hasi gara, larritasun txikiena dutenetatik». Gaur egun, 25-30 lagunek osatzen dute elkartea. Adin guztietako jendea dago, 18 urtetik hasita. «Badaude 16koak ere oso egokiak, baina muga bat jarri behar genuen». Adinekoak ere asko dira. Quintanak berak 71 urte ditu. Erretiroa hartu arte bera medikuntzan ibili bada ere, ez da zertan halako arloetan ezagutzarik eduki. «Hobe ez jakitea, gure lanak ez baitu mediku eta erizainenekin batere zerikusirik». Abokatuak, ekonomialariak, dendetako beharginak, etxeko andeak, ikasleak... Era guztietako jendea joan zaie.
Dena den, oraindik taldea handitzeko beharra dute. Apurka-apurka ezagutaraztea da asmoa, kide gehiago erakartzeko. Kasurako, joan den hilean Bizkaiko Medikuen Elkargoan egin zuten aurkezpena. Eta orain elkargoa bera arduratuko da kideen artean haren berri emateaz. Gabonetako oporren ostean ospitalean bulego bat zabaltzea ere badute buruan, zerbitzua handik kudeatu ahal izateko.
Gurutzetako ospitalean egiten zuen behar Quintanak. «Barrutik ezagutzen ditut hango premiak». Zuzenean jo zuen mediku eta arduradunengana. Eta gogo onez hartu zuten egitasmoa. Basurtuko ospitalearekin (Bilbo) eta San Eloirekin (Barakaldo) ere izan ditu harremanak. Eskaria egonez gero, herrialde osora zabaltzea da haien asmoa.
«Medikuek eguneroko bisita egiten dute, eta ez dute hainbeste ezagutzen gaixoen egoera. Baina erizainak eta laguntzaileek hartu-eman zuzenagoa dute haiekin». Quintanaren esanetan, bakarrik dauden eriekin aparteko lana egin behar izaten dute osasun arloko langile horiek. «Oraintsu jakin dut kirurgialariek atzeratu egiten dituztela bakarrik daudenen ebakuntzak, ospitalean dauden bitartean zaintza berezia beharko dutelako, eta etxekorik egon ezean erizainentzako lan karga handiagoa izango dutelako». Horregatik pentsatu dute haien esku uztea zerbitzua eskatzeko ardura. Hau da, erizain eta laguntzaileek ikusten dutenean erietako bat bakarrik dagoela edo haren etxekoek egunero joateko zailtasunak dituztela, elkartera jo ahal izango dute boluntario eske. «Elkarteko kideon lana izango da senide eta lagunen hutsune hori betetzea. Guk ez dugu inor zainduko; ez diogu suspertzen lagunduko. Gaixoari lagun egitera eta animatzera joango gara». Lagundu baino gehiago, lagun egin.
Prestakuntza ikastaroa
Oraingoz ez du uste pediatrian jardungo dutenik. Dioenez, eriak umeak direnean familiek ahalegin handiagoa egiten dute ospitalean egon ahal izateko. Eta pazienteentzat ere atseginagoa da ezagun batek lagun egitea.
Boluntario izan gura duenak ez du medikuntzari buruzko ezagutzarik behar, baina prestakuntza ikastaro bat, bai, egin behar du. «Ez da erraza ospitaleetako boluntario izatea. Izaera indartsua duten pertsonak behar ditugu», egin du oharra Quintanak. Eriari lagun egitera doanari egotaldiak asko eragin diezaioke. «Gu ezin gaitezke etxera joan gaixoaren arazoak buruan ditugula. Enpatia sentitu behar dugu, bai, eta adeitsuak izan behar gara. Baina haren bizitzan sartu gabe eta hura gurearen parte egin gabe».
Horregatik, kontuz dabiltza gaixoak boluntarioen artean banatzerakoan. Medikuntzaren arlorik gogorrenek eragiten diete kezka handiena. Adibidez, badakite onkologia sailera ezin dutela edonor bidali. «Gaixoa distraitu egin behar dugu, eta horretan ere jakin egin behar da. Badira edozertaz hitz egiteko gai direnak, etorri itzela dutenak. Beste batzuek, ostera, ez dute aparteko trebetasunik». Quintanaren esanetan, oso garrantzitsua da eriari gertatzen zaionaz ez hitz egitea, baita beste batzuen gaixotasunak ez aipatzea ere. «Kontu atseginek izan behar dute hizketagai».
Gurutzetako ospitalearen sarreran badira diru truke gauetan gaixoak zaintzea eskaintzen dutenek jarritako iragarkiak. Quintanak ez du uste haiekin arazorik izan dezaketenik. Izan ere, boluntarioen ordutegia egunekoa izango da. Ez dute gaurik igaroko ospitalean. «Guk lagun egiten diegu, ez ditugu zaintzen. Eta normalean gaixoak gauez lo egoten dira».
Gaixoaldian lagun egiteko
Ospitalean bakarrik dauden eriekin egoteko boluntario talde bat sortu dute Bizkaian. Gurutzetan hasi dira. Taldea sendotu ahala, beste ospitale batzuetara zabaldu nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu