Gaixoei ez diete sartzen utzi

C hepatitisa duten gaixoek ezin izan dute itxialdirik egin Iruñean.Bilbon elkarretaratzea egin dute

Antonio Garcia ATHENA elkarteko bozeramailea ospitaletik indarrez atera zutenekoa. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2015eko urtarrilaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bultzaka atera dituzte C hepatitis gaixoak Nafarroako Ama Birjinaren ospitaletik. Itxialdia egin nahi zuten atzo, baina foruzainek ez zieten utzi. Gaixoak irizpide medikoen arabera artatzeko eskatu zuten, eta ez irizpide ekonomikoen arabera. Hau da, sendagai berriak nahi dituzte. Bilbon ere hori bera eskatu zuten, elkarretaratze bat eginez. Han ez zen istilurik izan.

Eguerdian zen hitzordua, ospitaleko atean. Hainbat eragilek jarri zuten: Sare hiesdunak babesteko taldeak; Hiesaren Aurkako Nafarroako Batzorde Hiritarrak; NATC Naturalak, Alternatiboak, Tradizionalak eta Osagarriak plataformak; eta ATEHNA transplantatuen eta gaixo hepatikoen Nafarroako elkarteak. Prentsaren aurrean mintzatu ondoren, itxialdia egin asmo zuten. Ez zieten utzi. Aurreko zein atzeko ateetan launa foruzain zeuden. Haserrea piztu zuen horrek: «Guzientzako tratamendua» eta «Marta Bera, dimisioa» oihuak aditu ziren.

Sartzea oztopatzen zuen foruzain bat mintzatu zitzaien protestan ari zirenei: «Baduzue argazkia, baduzue nahi zenuten oihartzuna». Emakume bat piztu zen orduan: «Ez dugu oihartzunik nahi, tratamendua baizik». Antonio Garcia ATHENA elkarteko bozeramailea kexu zen, Nafarroan ez beste inon ez zelako itxialdiak oztopatzeko agindurik. «Nafarroako Gobernua da arduraduna. Bizitzak salbatzea baizik ez dugu eskatzen, eta gure gobernua da jendea ospitaletik botatzeko Polizia bidali duen bakarra».

Azkenean, zortzi lagunek ospitalean sartzea lortu zuten, Garcia tarteko. Sarrerako aulkietan eseri ziren, eta berehala bost foruzain agertu ziren. «Onean edo txarrean», esan zien haietako batek. Protestan zirenek eserita jarraitu zuten, eta poliziek bultzaka aterarazi zituzten ospitaletik. 13:15ak ziren. Identifikatu egin zituzten, eta isuna jasotzeko mehatxua egin. «Saiatu gara, behintzat», esan zuen Garciak, ospitaletik indarrez atera zutenean. Itxialdia egiten saiatu zen beste gizon batek Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu zuen: «Gaixo bat indarrez atera duzue ospitaletik. Diru hori gaixoak artatzen gastatuko bazenute, sendaturik egonen ginateke». Itxialdiarekin ez, baina borrokarekin jarraituko dutela berretsi zuten protestaren bukaeran ospitalearen aurrean jarraitzen zutenek.

«Bihar berandu da»

Iruñeko protestak mezu argia zuen: «Nafarroako Gobernuak konpromiso publikoa har dezala hepatologoei agintzeko ahal bezain beste gaixo senda ditzaten, soilik irizpide mediko-zientifikoekin, finantzaketa mugarik gabe». Horrekin batera, sendagai berriak «inongo oztoporik gabe» terapietan sartzeko eskatu zioten. «Sendagai hobeak badaude, jende gehiago sendatzen dutenak, denbora gutxiagoan eta albo ondorio gutxiagorekin; zergatik ari gara Interferonaz hizketan? Soilik arrazoi ekonomikoengatik», zioen ATEHNAko bozeramaileak.

Ordu berean, Bilbon 300 lagun inguru bildu ziren aldarri beraren harira. C hepatitisak kalte eginikoen plataforma sortu berriak deitu zuen protestara. Esan zutenez, «bizitzeko eskubidea» ukatzen ari zaizkie. «Sovaldi edo etorkizunean sor daitezkeen sendagaiak C hepatitisa duten guziei emateko eskatzen diogu Administrazioari, eta berehala egin behar dute gaixo larrienekin. Bihar berandu da».

Auziak haserrea piztu du hainbat lekutan: Madrilen manifestazioa egin zuten, eta Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak erantzun egin zien: «Espainiar herritar bat bera ere ez da geratuko medikuak agindu dion sendagai hori gabe. Hala izango dela bermatzen dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.