Gaixotasun larriren bat duten presoak berehala kaleratzeko exijitu du Jaiki Hadi elkarteak. Presoen arreta mediko eta psikologikoa bermatzeaz arduratzen da Jaiki Hadi elkartea, eta azken hilabeteetan Ibon Iparragirre eta Jesus Mari Martin euskal presoak dauden egoera larriaren berri eman zuen atzo, Etxerat-ekin batera Bilbon eginiko agerraldian.
Bi presoek osasun arazo larriak dituzte, eta azken egunetan haien egoerak okerrera egin du. Iparragirrek hiesa du, nahiko aurreratuta. Hortaz, defentsak oso maila apalean dituenez, eguneroko gauza oinarrizkoenak ere ezin ditu egin. Espetxetik kanpo egondako 20 urteetan, gaitzari neurria hartzea lortu zuen. Espetxean, aldiz, defentsak erabat jaitsi zaizkio, eta ez dizkiote beharrezkoak dituentratamenduak eskaintzen.
Ekainaren 23an medikuarekin kontsulta zeukan Iparragirrek, Donostiako ospitaleko barne medikuntza zerbitzuan, azterketa oso bat egiteko. Zaintzako epaitegiak trabarik jarri ez bazuen ere, Iparragirre ez zuten Navalcarneroko espetxetik ospitalera eraman. Bestalde, Sevilla II kartzela du ohiko espetxea, eta horrek 104.2 artikulua indarrean jartzeko eskatu duela jakinarazi du elkarteak. Artikulu horren arabera, gaixotasun larri eta terminalak dituzten presoek baldintzapean aske geratzeko aukera dute. «Beharrezkoa ikusten dugu artikulu hori aplikatzea, bizitza bera dagoelako kolokan», zehaztu du Xabier Onaindia Jaiki Hadiko medikuak.
Jesus Mari Martin Soto del Realen dago gaur egun, iaz Frantziatik estraditatu ondoren. Frantzian, «bost urteko bakartze latza» igaro zuen, eta iragan irailean sintoma psikotikoak garatu zituen. Azaroan arreta psikologikorako bisita profesionala eskatu zuten; oraingoz, ordea, bisita bakarra egin dio konfiantzazko medikuak. Era berean, aste honetan bi egunez erizaindegian bakartuta egon dela salatu dute. Espetxeko zerbitzu medikoek Martinen inguruan duten jarrerak haren osasun eskubideak erabat urratzen dituela salatu dute.
Larritasunak behartuta
Lanean daramatzan urte guztietan «espetxeetako arduragabekeria profesionalaren lekuko» izan direla adierazi du Jaiki Hadik. «Etika profesionalak eta kasuen larritasunak eta arriskuak eraginda, kasu hauek plazaratu behar izaten ditugu, pertsonen osasuna eta bizitza bera kolokan jartzen dutelako.»
Gaixorik larri dauden presoak askatzeko eskatu du Jaiki Hadik
Jesus Mari Martin eta Ibon Iparragirre euskal presoen egoera larria dela salatu dute elkarteak eta senideek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu