Bizkaiko Erizainen Elkargoak antolatuta, osasun arloko profesionalek odol bidez harrapatu ditzaketen gaixotasunez eta haiek saihesteko bitartekoez eztabaidatzeko jardunaldiak egiten ari dira Bilboko Euskalduna jauregian. Elkargoko presidente Maria Jose Garcia Etxanizek Europako legedia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan ahalik eta azkarren ezartzeko eskatu du. «Eusko Jaurlaritzak legez behartu behar du babes neurriak hartzera».
Zein dira osasun arloko profesionalek kutsatzeko dituzten arrisku handienak?
Tresna ziztatzaileekin lanean ari garenean, zderalantzarik barik, infekzio gaixotasunak. Alegia, hainbat hepatitis mota eta GIB birusa.
Zein profesionali eragiten die?
Ezbehar hauen erdiak baino gehiago erizainok izaten ditugu. Zergatik? Ba, objektu hauek gehien erabiltzen ditugunak garelako.Gure atzetik datoz erizain laguntzaileak,medikuak eta medikuntza zein erizaintza ikasleak. Aipagarria da ezbehar hauen ehuneko handi bat garbitzaileen artean ere gertatzen direla.
Nola gertatzen dira ezbehar hauek?
Normalean gaixoa dagoen ohean gertatzen dira, logelan bertan. Baita ebakuntza gelan,larrialdi zerbitzuetan eta erditze geletan ere. Eskuetan erabiltzen ditugu material hauek eta konturatu gabe zizta gaitezke, jostun bati artaziekin gerta dakiokeen bezala.
Hain ohikoak dira?
Bai, oso. Nahi genukeen baino gehiago. Medikuntza Prebentiboaren Espainiako Elkarteak Epinetac izeneko azterlana egin du. Haren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan urtean 1.200 ziztada gertatzen dira. 1.000 inguru arinak dira, eta gainontzeko 200 ziztadek sendabidea behar dute. 1996tik 2002ra bitartean, gainera, %58 egin dute gora.
Zer bitarteko dute erizainek arrisku hauetatik babesteko? Zer neurri har daitezke?
Osasun etxe bakoitzaren kudeatzaileen eta erosketak egiten dituenaren esku dago. Batzuetan biosegurtasun neurriak dituzte. Ez ezarritakoak, euren kabuz hartutakoak baizik. Espainian bost erkidegok neurri horiek legez ezarri dituzte. Azkena Nafarroa izan da. Erkidego horietan objektu ziztatzaile guztiek bioseguruak izan behar dute.
Zer da material biosegurua?
Erabili ostean berez biltzen den materiala, eta, ondorioz, erabili duen profesionalak ez du ziztatzeko arriskurik.
Gure inguruko ospitaleetan zein da egoera?
Denetarik dago. Esan bezala, kudeatzaileen erabakia da halako materialak erabiltzea edo ez. Horregatik eskatzen dugu legez behartzeko. Gainera, kontuan hartu behar dugu ospitale pribatuetan are askatasun handiagoa dutela. Nik dakidala, halako materialen erabilera askoz txikiagoa da pribatuetan publikoetan baino.
Beste herrialde batzuetako neurriez hitz egin duzue jardunaldian.
AEBak izan ziren aitzindariak. Europako Batasunean badago 2010eko araudi bat; ekainaren 1ean onartu zen. Badakigu Europako legedia ez dagoela bete beharrik bi urteko epea igaro arte. Hortaz, espero dugu bi urte horiek igaro aurretik Espainiako erkidego guztiek betetzea. Kontua da araudi horrek estatua behartzen duela, eta gure kasuan autonomia erkidegoek dute osasun arloko eskuduntza.
Zeuen kabuz neurriak hartzeko prestatuta al zaudete?
Profesionalen bat bada berrikuntza guztietan prestatzen dena, hori erizaina da. Aurrerakuntza teknologiko guztien berri izaten dugu, eta horietan trebatzen gara, gure hobe beharrez delako. Baina ez, ez dugu heziketarik jasotzen, ez bada erizainen elkargoetan jasotzen dena. Eskura ditugun baliabideak erabiltzen ikasi behar dugu. Badira erizainok hartu beharreko babes neurriak, baina azkar lan egin behar dugulako ahaztu egiten ditugu. Kontzientziazio lana egin behar dugu.
Halako ezbehar bat izan duen erizaina edo profesionala zer egoeratan geratzen da?
Administrazioak, lankideek eta gizarteak errefusatu egiten dute. Jendeak, jakiten duenean, arbuioa erakusten die. Horregatik, profesional gehienek ez dute salatzen ziztada. Gaixotasunen bat harrapatu duten kasuetan baino ez dute salatzen, eta ez beti.
Ana Salegiren testigantza izan duzue jardunaldietan, eta, batez ere, arbuio hori salatu du.
1991n izan zuen istripua. Bi urte itxaron behar izan zituen zoritxarrez izandako ziztada baten ondorioz seropositibo bihurtu zen jakiteko. Gaur egun sei hilabeterekin nahikoa da. Lankideek eta gaixoek eurek ere baztertu egiten zutela dio. Prebentzio lana ez ezik, halako zerbait gertatu zaion erizainak behar duen ulermena, enpatia eta babesa ere eskatzen ditu. 1991n izan zuen istripua eta ordutik gogor borrokatu da. Arestian aipatutako Europako legea onartzeko lan handia egin du.
Maria Jose Garcia Etxaniz. Erizaina
«Gaixotasuna harrapatu duten kasuetan baino ez dute salatzen ziztada»
Eriak artatzeko objekturen batekin ziztadaren bat jaso duten osasun profesionalek jasaten duten arbuioa salatzen du Bizkaiko Erizainen Elkargoko presidenteak. Prebentzioaz harago, enpatia ere eskatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu