Milagros Rubio. Bardeako Tiro Eremuaren Aurkako Batzarreko bozeramailea

«Gakoa dirua da; badakite Bardeak eta ministerioak»

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2014ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Igandean Bardeako tiro eremuaren aurka karrikara aterako dira herritarrak, berriz ere. Martxa eginen dute, 27. aldiz. Inbertsioak gizarte gaietan egiteko eskatu du Milagros Rubio bozeramaileak (Tutera, Nafarroa, 1952).

Ia 30 urte protestan. Zer berri?

Aurtengo martxa Tiro eremuari ez, gastu sozialari bai lelopean eginen dugu, horixe baita nabarmendu nahi dugun ideia. Tiro eremuan izan zenenean, Espainiako Defentsa ministro Pedro Morenesek erran zuen hor egiten dituzten ariketa militarrak ere gastu soziala direla. Horrek kezka eragiten digu, ikusten ari baikara esparru militarrera bideratzen ari direla gizartearen arloan behar den dirua, murrizketak egin ez ditzaten. Auzi hori, egungo krisiaren testuinguruan, inoiz baino garrantzitsuagoa da.

Herritarren segurtasuna ere jarri izan duzue mahai gainean.

Bai, eta hori ere aldarrikatuko dugu igandean. Herritarron segurtasuna berma dezatela nahi dugu. Eta tiro eremuak ez du hori egiten. Defentsa Ministerioak, egindako ariketa militarren harira, oharra plazaratu zuen. Aitortu zuen Bardean egiten diren ariketa horiek direla benetako suarekin egiten dituzten bakarrak. Batetik, gure herrien gainetik pasatzen dira benetako bonbak garraiatzen dituzten hegazkinak. Bertzetik, benetako sua erabilitako saio bakarrak hemengoak badira, zer ari dira saiatzen? Zer motatako armak? Hori jakin nahiko genuke. Kontua da, gure martxa kenduta, eta Nafarroako Parlamentuak behin egindako adierazpen instituzionala bazter utzita, Nafarroan botere eragileak ez duela agertu Bardean botatzen dutena kontrolatzeko asmorik.

Herritarren eta gizarte taldeen artean zuen martxak badu babes handia; ez, ordea, erakunde publikoen artean. Zergatik?

Azken hitzarmena sinatu zenean, gauzak erabat aldatu ziren. Ordura arte, modu argi batean izan ez bazen ere, PSNk, UPNk, bai eta PPk ere, bat egin izan zuten tiro eremua bertan behera uzteko hainbat eskaerarekin.

Zer gertatu zen azken hitzarmen hori sinatu zutenean?

2009. urtean sinatu zuten. Eta Bardea inguruko herriek eta erakundeek baiezkoa eman zioten akordioari. Diruagatik. Gainera, 2001. urtean, jada, Jose Maria Aznarrek ohartarazi zuen sinatzen ez bazuten haien lurrak desjabetuko zituztela.

Zein izan daiteke, beraz, tiro eremua bertan behera uzteko gakoa?

Hemen gakoa dirua da. Eta hori argi dakite bai Defentsa Ministerioak, bai Bardeako Komunitateak. Ez dut uste tiro eremua bertan behera uzteko momentua gertu dagoenik. Hala ere, argi ikusten dugu mobilizazioei eusteko beharra. Karrikara ateratzen ez bagara, ez dute kenduko. Protesta egiten jarraitu behar dugu, tiro eremua bazter uzteko baldintzak sortzen diren garaian prest egoteko. Herritarrok badugu proiektuak geldiarazteko indarra. Ezin dugu amore eman. Eustea, hori da tiro eremua bertan behera uzteko gakoa.

Azken ariketa militarrak ikusten tiro eremuan bertan egon zen Bardeako Komunitateko presidente Julian Isla, ministroarekin. Zer deritzozu?

Ohikoa da. Aurreko presidenteak ere, Jose Antonio Gaiarrek, tiro eremutik ikusten zituen gure martxak. Nafarroako Gobernuak eta udalek amore eman dute. Onartu dute tiro eremua. Guk gure haserrea agertzen jarraitu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.