Osakidetza

Galdakaoko ospitaleko sei medikuren kontratuak hautsi ditu Osakidetzak

Beren lan karga %20 handitu dela salatu dute berriki, ELAk jakinarazi duenez. Basurtuko mediku buruek «ezkutuko pribatizazioa» salatu dute.

Galdakaoko ospitaleko ZIU gunea. MIGUEL TOÑA / EFE
xabier martin
2022ko azaroaren 14a
20:08
Entzun

Osasun zerbitzuen ahultzearen inguruko eztabaida indar hartzen ari da aspaldian, eta Galdakaoko ospitaletik iritsi den albiste batek ez du lagunduko su hori amatatzen. Larrialdietako sei medikuren kontratuak hautsi ditu Osakidetzak, eta mediku horiek gehiegizko lan kargak salatu zituzten joan den astean, ELA sindikatuak jakinarazi duenez. Beren zeregina %20 hazita zegoela plazaratu zuten Galdako-Usansoloko ospitaleko sendagile horiek, azaroaren 9an, eta azaldu zuten gainkarga horrek larrialdietako zerbitzuaren kalitateari eragiten ziola. Sindikatuak aditzera eman du Osakidetzaren erantzuna kaleratzea izan dela.

ELAk deitoratu egin du medikuen kaleratzea, eta esan du Osakidetzak ez duela «inolako soluziorik eskaini» larrialdien egoera hobetzeko. Alderantziz, sindikatuak dio kaleratze horiek «are gehiago» okertuko dituztela Galdakaon aritzen diren medikuen lan baldintzak.

Horiek horrela, ELAk bilera bat eskatu die Osakidetzako arduradunei lehenbailehen, «hausnartu dezaten» gertatutakoaren inguruan, eta egin dezaten apustu bat «lantaldearen baldintzak hobetzearen alde». Halaber, mobilizazioak iragarri ditu kaleratutako medikuak berriro har ditzaten beren lanpostuetan, Galdakaoko ospitaleko larrialdietan.

Mediku buruen salaketa

Galdakaon bakarrik ez, Osakidetzari beste fronte bat piztu zaio Bizkaiko beste ospitale handi batean, Basurtun hain zuzen, hango mediku buruek kritika gogorra egin baitiote Eusko Jaurlaritzari Osakidetzan egiten ari den kudeaketaren harira. Erietxeko 38 mediku buruetatik 36k izenpetu dute «neurri okerrak» eta medikuen falta aipatzen dituen gutun bat. Sendagile buru horiek diote gobernua «tematu» egin dela «okerreko neurriekin» bihotz kirurgiaren kasuan, eta uste dute «Osakidetzaren arazorik larrienaren soluzioetan sartu gabe» jarraitzen duela exekutiboak: «Ez daude ez medikuak ez erizainak».

Gainera, ohartarazi dute osasun alorreko profesionalen gabezia horrek «oso azkar okerrera» egingo duela, erretiroak direla eta. Medikurik eza bi gunetan eragiten ari da Basurtun, sinatzaileen arabera: larrialdietan, %30eko gainkargarekin, eta suspertzean, behar diren baino erizain gutxiago daudelako. «Ezkutuko pribatizazioa» dago horren atzean, Basurtuko mediku buruek idatzita utzi dutenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.