Politika

Galdeketa egingo balitz independentziaren alde bozkatuko lukete Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren %38k

Independentziari buruzko erreferenduma egingo balitz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren artean gehiago lirateke aukera horren aldekoak Espainiari lotuta jarraitzearen aldekoak baino. Zehazki, eremu horretako herritarren %38k independentziaren alde bozkatuko luke; kontra, berriz, %31k. %13k, berriz, abstentziora joko luke, eta inkestatuen %19k ez dio galdera horri erantzun. Jaurlaritzako azterketa soziologikorako bulegoak egindako =i Soziometro=i inkestaren emaitzak dira.

2006ko abuztuaren 28a
15:58
Entzun
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 3.000 bat biztanleri egin zieten galdeketa joan den maiatzean, eta inkestaren ardatzetako bat independentziaren auziaren inguruko hori. Zehazki honakoxe galdera egin diete inkestatuei: "Espainiako Gobernuak independentziari buruz askatasunez erabakitzen utziko balu eta erreferendum bat egingo balitz independentziaren alde ala kontra, zuk zein boto emango zenuke?". Independentziaren aldeko bozkatuko lukeela erantzun dute %38k; kontra %31k; abstenitu egingo liratekeela %13k; eta ez dakitela erantzun dute edo erantzuteari uko egin diote %19k.

Azkeneko aldiz 2003ko urrian egin zuten galdera hori Soziometroan eta ordutik puntu bat igo da independentziaren alde bozkatuko luketenen ehunekoa; kontrakoak %31 ziren orduan ere.

EAJ alderdi bozkatuena

Boto asmoari buruz ere galdetu diete inkestatuei. Hauteskundeak orain egingo balira, EAJ litzateke alderdirik bozkatuena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zehazki inkestatuen %21k jeltzaleen alde egingo luketela erantzun dute. PSE litzateke hurrena: %14k alderdi horri emango lioke botoa. EHAK eta PP, berriz, berdinduta ageri dira %8rekin; %5 luke EAk, %4 EBk eta %3 Aralarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.