Politika

Galdeketaren legea gaur gelditu dute behin-behinean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak helegitea tramiterako onartzean

Espainiako Gobernuak herenegun sartu zuen helegitea. Auzitegiak bost hilabeteko epea izango du erabakia hartzeko. PPren helegitea ere onartu du tramiterako.

2008ko uztailaren 17a
18:55
Entzun
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Espainiako Gobernuak herenegun galdeketaren legearen aurka sartutako helegitea tramiterako onartu du eta, hala, legea gaur ofizialki geratu egin da behin-behinean. PPk sartutako helegitea ere onartu du tramiterako. Orain, auzitegiak bost hilabete izango ditu erabakia hartzeko.

Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, ordea, atzo berriro eskatu zion irailaren 15erako hartzeko erabakia, Jaurlaritzak orduan deitu nahi baitu kontsulta, urriaren 25ean egiteko, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, indarkeriaren bukaera elkarrizketatuaz eta alderdi politikoen akordioaz. “Ez badu irailaren 15erako erabakitzen, autogobernuari kalte konponezina egingo dio”.

Eusko Legebiltzarrak ekainaren 27an onartu zuen aipatutako legea, eta horren helburua EAEn erreferenduma egitea dela uste du Espainiako Gobernuak. Espainiako Konstituzioak erreferendumak egiteko eskumena “Espainiako nazioari” ematen diola ohartarazi du.

Ibarretxeren ustez, helegitea “ahula” da, “galdeketa kontsulta baita, ez erreferenduma eta loteslea”. “Hortaz, atzo baino arrazoi handiagoa dugu galdeketaren bidean segitzeko”.

Jaurlaritzako lehendakariak dio, galdeketaren legearen aurkako helegitea dela-eta, “[EAE] autonomia bertan behera” utzi duela Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak. Hala ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteskundeak ez dituela aurreratuko adierazi zuen atzo, ez duela hori aurreikusten. 2005eko udaberrian egin zituzten EAEko bozak azkeneko aldiz eta, beraz, hurrengo urteko udaberrian egingo lirateke berriro berez.

"Gezurretan oinarritutako inpugnazioa"

Lakuako iturrien arabera, gaur tramitera onartutako inpugnazioa "gezurretan eta faltsukerietan oinarritua" dago. "Kontsulta legea ez zen ezein konstituzio xedapenetan inolako aldaketarik eragingo lukeen erreferendumik antolatzeko onartu".

"Indarkeriari elkarrizketaren bidez amaiera emateko herritarrei hitza eman nahi dien legea da. Modu berean, zehazten du soilik alderdi politikoei dagokiela auzi politikoak konpontzea", segitzen du Eusko Jaurlaritzako iturriek adierazitakoak.

Bien bitartean, Espainiako Gobernuko lehen presidenteordea, Maria Teresa Fernandez de la Vega, "oso kontent" agertu da Auzitegi Konstituzionalaren erabakiarekin, eta berriro ere adierazi du galdeketa "legez kanpokoa" dela eta ez dutela burutuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.