Galdera zehatzei, erantzun lausoa

Espainiako Gobernuak ihes egin dio NBEren Torturaren Kontrako Batzordearen galderak erantzuteari.Kritiko agertu da Espainiarekin

NBEren Torturaren Kontrako Batzordearen batzarra, Genevan, herenegun. BERRIA.
gurutze izagirre intxauspe
2015eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Nazio Batuen Erakundearen Torturaren Kontrako Batzordeak estu hartu du Espainiako Gobernua, tonu zorrotzean, batzuetan haserre ere galdetu dio zenbat polizia dauden torturengatik zigortuta, zein zigor dituzten, kaltetuentzat zein konpentsazio sistema dauden... Galdera zehatzak egin dituzte, erantzun zehatzak nahi zituztelako, baina ez dute halakorik jaso. Konstituzioak zein lege jasotzen dituen bakarrik esplikatu dute Espainiako Gobernuaren ordezkariek, eta hura estu betetzen dutela esan dute. Baina ez zen hori galdetzen zitzaiena. Gogor eta kritiko agertu da NBEren batzordea Espainiarekin. 2009tik 2015era izan diren tortura salaketak zituzten mahai gainean, 300dik gora; 194, euskal auziarekin lotuta.

Genevan pasatu behar zuen azterketa Espainiako Gobernuak. Bazekien kontu eske izango zituela Torturaren Kontrako Batzordekoak, galderak zehaztuta baitzituen. Hitza hartu dutenean legeak, epaiak eta jurisprudentziairakurri dituzte bakarrik. Lehen azalpenen txandan batzordekideak ase ez, etagalderen txandan errepikatu egin dituzte, tonu gogorragoan, erantzun zehatzen esperantzan, baina ez dute horregatik espero zuten erantzunik jaso.

Jens Modvig batzordeko kideak esan du tortura salaketa asko daudela Espainian, eta gobernuak berak onartzen dituela; beraz, honako hau jakin nahi zuen: uneotan torturarengatik inor zigorra betetzen ari den kartzelan eta torturaren biktimak konpentsatzeko legerik badagoen. Gobernuaren ordezkariak erantzun du Tenerifen (Espainia) badagoela polizia bat urte eta erdiko kartzela zigorra betetzen; ez dagoela kalean, kartzelan dagoela. Kalte-ordainen inguruan Espainiako Gobernuak erantzun du Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortzen duenean norbaiten tortura salaketak ez ikertzeagatik, Estrasburgoko auzitegiak jarritako zigor hori bete eta kalte-ordainak ematen dituela. Claudio Grossman batzordeko presidenteak ihardetsi egin dio Espainiako ordezkaritzari. Torturaren biktimak konpentsatzeko barne sistemarik ba ote daukan galdetu diotela, alegia, eta ez Estrasburgok zigortu ostean kalte-ordainik ematen duen.

Tortura «delitu larria»

Espainia lege erreforma bat prestatzen ari da torturengatik zigortzeko epearen preskribatzea hamarretik hamabost urtera luzatzeko. Hor ere estu hartu du Grossmanek Espainiako Gobernuko ordezkaritza. «Gogorarazten dizut batzorde honen doktrinaren arabera, nazioarteko krimen larria dela tortura, eta ez dela preskribatzen». Halaber, Grossmanek esan dio urtebeteko kartzela zigorra ez dela proportzionala delituaren larritasunarekin, Tenerifeko poliziaren zigorrari erreferentzia eginez.

Indultua emateari buruz ere galdetu diote Espainiari, torturengatik zigortutako poliziei barkamena eman izan diolako Espainiako Gobernuak. Grossmanek ohartarazi zion torturaren krimena oso larria dela, «eta segurtasun indarrek egin dutenean, are larriagoa. Kezkatzen gaitu torturatu dutenei indultua ematea; are gehiago, auzitegiek kontra ebatzi arren, gobernuak ematen duenean». Konstituzioan jasota dagoela eta horren arabera aplikatzen dutela erantzun dio gobernuaren ordezkaritzak.

Galdetu diote ea zergatik ez den bideokameraz grabatzen atxilotua polizia etxeetan atxilotua inkomunikatuta dagoela. Erantzuna izan da egiten diren polizia etxe berrietan jarriko dituztela bideokamerak eta grabatuko dutela.

Galderen artean, kezka nagusietakoa eragin duena inkomunikazioa izan da. Bideokameraz ez grabatzeaz gain, atxilotuak medikurik ezin du aukeratu, ezta abokaturik ere, eta elkarrizketa pribaturik ere ezin du izan harekin. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak esan du inkomunikatutako pertsona batek «askatasun osoz nahi duen» medikua aukera dezakeela, nahiz eta gaur egun ez den horrela. Ari dira lege erreforma bat prestatzen, eta horretanjasotzen da epaileak erabaki ahal izango duela inkomunikatuta dagoen atxilotuak medikua aukera dezakeen edo ez, baina ez du askatasun osoa izango, epailearen erabakiaren mende egongo da.

Euskal presoen kolektiboaren inguruan ere galdetu diote. Ezartzen zaien «salbuespen egoeren» inguruko azalpenak eskatu dizkiote Espainiako Gobernuari. Baina ihes egin dio erantzuteari. Esan dute ez dutela bereizten presoen artean, berdin duela nongoa den, denak berdin hartzen dituztela. Sakabanaketa euskal presoei ezartzen bazaie, kolektibo horri nola deitu behar zaion esplikatzeko eskatu diote orduan Espainiako Gobernuaren ordezkariei, baina ez dute erantzun.

Grossmanek Madrili esan dio «24 ordu ez, baizik eta 48» emango dizkiola batzordean erantzun ez dituztenak osatu nahi badituzte. Erantzun guztiak jasota, maiatzaren erdialdera aterako du NBEren Torturaren Kontrako Batzordeak ondorioen txostena, eta emango ditu gomendioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.