Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan emaitza txarrak lortu dituela-eta biltzarra egingo du EAk apirilean, zuzendaritza berrituko du -Unai Ziarreta lehendakariak kargua utziko du-, eta Iñaki Galdos EAko Gipuzkoako presidente eta alderdiko ildo kritikoko kideak gaur jakinarazi du bera ez dela exekutiba nazional berrirako aurkeztuko, "ez litzatekeelako ona izango hori".
Aste honetan hasieran EAk iragarri zuen apirilaren 4an izango dela biltzarra, baina alderdiko estatutuek ez dute ahalbidetzen hain azkar egitea, gaur Mikel Irujo EAko Komunikazio arduradunak adierazi duenez. Apirilean beranduago izango da -ez dute zehaztua eguna-. "EAk bizirik segitu behar du, herri honek behar duelako", esan du Irujok.
Galdosek Radio Euskadin adierazi duenez, "orain pertsonak baino garrantzitsuagoak dira estrategiak zein izango diren erabakitzea". EA bakarrik aurkeztu da azken bozetan, eta Galdos eta Gipuzkoako EA EAJrekin koalizioan aurkeztearen alde azaldu izan da beti. "Arazo handia dugu orain eta ausardia behar dugu".
EAk "sakoneko gogoeta estrategikoa" egin behar duela uste du Galdosek "zuzendaritza aldatzera mugatu gabe". Gipuzkoako EA "hausnarketa intentso, lasai, heldu eta arduratsuan" ari dela dio, eta hurrengo astean herrialdeko 300en bat ordezkari batzartuko direla.
Euren alderdiak oraindik ere "etorkizuneko Euskal Herrian zeresan handia" duela uste du Gipuzkoako EAko presidenteak.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak
Galdosek aitortu du ez dela aurkeztuko EAko zuzendaritza berrirako
"Orain pertsonak baino garrantzitsuagoak dira estrategiak zein izango diren erabakitzea", esan du Gipuzkoako EAko presidenteak. Alderdiak biltzarra egingo du apirilean -ez 4an-, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan emaitza txarrak izan ondotik. "EAk bizirik segitu behar du, herri honek behar duelako", adierazi du Irujok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu