Akziodunen batzarra egin du BERRIA Taldeak, eta aurreko bi urteetakoen gisako balantzea aurkeztu du zuzendaritzak. Nahiz eta egoera gogorra izan eta diru laguntzetan murrizketak egin Eusko Jaurlaritzak, galerarik gabe amaitu zuen 2015a BERRIA Taldeak.
Zabalkudeari dagokionez, ona da balantzea. Paperekoari dagokionez, salmentak jaisten ari dira kioskoan, baina harpidetzen bidez saltzen direnez egunkari gehienak, mantsoagoa da galera hori. Interneten, berriz, etengabea da goraldia: 5,5 milioi bisita baino gehiago izan zituen iaz BERRIAren webguneak.
Alde ekonomikoari erreparatuta, publizitatearen aldaketa da aipatzekoa. Urtez urteko jaitsieraren ondoren, zerbait igo da: %1. “Beheranzko joera geratu egin da”, adierazi du Iban Arregik, kontseilari ordezkariak. Kanpo zerbitzuak ere ematen ditu taldeak —banaketa, itzulpenak...—, eta horietan ere gorakada izan da.
Diru laguntzen, aldiz, beheranzko kontuak berriro. Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza berriro gutxitu zen iaz. Bileran gogora ekarri dute euskarazko hedabideen Hekimen elkarteak hainbat gomendio egin dituela finantzaketari buruz, baina, oraingoz, Jaurlaritzak ez ditu aintzat hartu. Hain justu ere, erakundeen rola izan du hizpide Beatriz Zabalondok, taldearen lehendakariak. Salatu du agintariek “epel” jokatzen dutela euskararekin eta euskarazko hedabideekin.
BERRIAlagunak dira taldearen euskarri gero eta gehiago. “BERRIA sortzen lagundu zuten, eta haiei esker dago egoera saneatuan”, adierazi du Zabalondok. Komunitate hori trinkotzea eta zabaltzen jarraitzea da erronka. Hain justu, oraintsu martxan jarritako BERRIAlaguna webgunea horretarako tresna izango da.