ETAk existitzen jarraitzen duen artean Zuzenbide Estatuak «defenditzen jarraitu» behar duela esan du Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Justizia ministroak. Hitz horiekin erantzun dio Amaiurri, Espainiako Senatuan, Urko Aiartza senatariak ohartarazi ostean Espainian ez direla betetzen Nazio Batuen Erakundearen torturari buruzko aholkuak. «Estatuak ez dio uko egingo zoritxarrez beharrezkoak diren legezko instrumentuetako bakar bati ere. Estatua ez da ahulduko terrorismoaren kontrako borrokan».
Bake jokalekuetara bidean Justiziak egiaren bila eta biktimak errekonozitzeko bidean ekarpena egin dezakeela ere esan zion Aiartzak Gallardoni. Trantsiziozko justizia bat behar dela. Hark, baina, erantzun zion biktimak baldin badaude «borreroak» egon direlako dela, eta nabarmendu zuen ETAk, «bere estrategia kontuengatik» hiltzen ez jarraitzea erabaki duela jakinarazi duen arren, desagertzeko asmorik ez duela azaldu. Hori gertatu ezean estatuak berean jarraituko duela.
Aiartzak erantzun zion bere asmoa ez dela «eztabaida antzuetan» hastea, eta jakinarazi zion Amaiurreko hautetsiak prest daudela «behin betiko bakea» lortzeko lan egiteko, eta hala egongo direla aurrerantzean ere.
Justizia Ministerioaren asmoen berri eman zuen Gallardonek, atzo, senatuan. Biktimen Estatutuaren zirriborroa ekainerako prest egongo dela esan zuen. Estatutu horretan jaso nahi dute biktimek, eta batik bat ETAren biktimek, delituaren egilearen egoeraren berri izatea. Gainera, haiei espetxe abantailak ezarri edo ez erabakitzeko orduan biktimek hitza hartzea ere nahi du Gallardonek.
Zigor Kode berria ere ekain inguruan indarrean jartzea nahi du Justizia ministroak. Han, «berrazter daitekeen espetxe iraunkorra» arautu nahi dute. Gallardonek berak otsailean azaldu zuenez, «damurik» agertu ez eta, gainera, «delitua egitera eraman dituen jarrera berean» jarraitzen dutenentzat izango litzateke zigor mota hori. Haren arabera, espetxe iraunkorrak baldintzak jartzen dizkie presoei espetxetik irteteko, eta baldintza horiek bete artean ez dira libre geldituko. «Presoa askatzea gizartearentzat arriskutsua bada, ez da askatzen». Presoei azterketak egingo zaizkie «gizarteratzeko» prest dauden edo ez jakiteko.
Gallardon: «Estatuak berea defenditu behar du ETA dagoen artean»
Trantsiziozko justizia eskatu du Amaiurrek, eta Gallardonek ohartarazi du ETA amaitu ezean halakorik ez dela egongoETAren kontrako borrokan estatua ez dela ahulduko ohartarazi du Justizia ministroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu