EHU Euskal Herriko Unibertsitatea bi agintalditan gidatuko duen lehen errektorea izango da Iñaki Goirizelaia (Mungia, 1958). Herenegungo bozetan lortutako garaipena ospatu ostean, gutxi lo eginda ekin zion atzo lanari. Baina pozik.
1etik 10era, nola neurtuko zenuke zure poztasuna?
8,5. Nota ona da.
Espero baino hobeak izan dira emaitzak?
Oso emaitza onak izan dira. Irakasleen artean lortu dugun babesa azpimarratzekoa da.
Irabazi ez ezik, indartuta atera nahi zenuen hauteskunde prozesutik. %55 indar nahikoa da?
Bai. Kolektibo bakoitza aztertu behar da, baina nik uste dut oro har babes handia lortu dugula. Baikor agertzeko modukoa da, aurreko bozetako emaitzak kontuan hartuta: ia zentro guztietan irabazi dugu oso ondo. Balantzaren beste aldean parte hartzea jarri behar da: hautagai bakarra izateak desmobilizazioa ekarri du, are gehiago ikasleen artean.
Parte hartzea apala izanda, %55ak utzi duen argazkiak EHUko errealitatea adierazten du?
Uste dut adierazgarria dela. Irakasle doktore iraunkorren parte hartzea %74 da; edozein bozekin konparatuta, eta hautagai bakarra izan dela kontuan hartuta, oso ondo dago. Ez da erraza halako plebiszitu batean irabazi dugun moduan irabaztea. Nire ustez, indartuta atera gara.
Kanpainan zehar berraukeratua ez izateko beldurrik izan duzu?
Zentroetako erantzuna ikusita, dena ondo zihoala ematen zuen. Baina beldur hori beti egon da hor, transmititu ez arren. Banekien galtzeko aukera zegoela, ikusia nuelako Juan Ignacio Perez Iglesiasegaz. Idatzita neukan galtzekotan emango nuen hitzaldia.
Abenduko ordainsariak azkenean ez du eraginik izan, ala bai?
Nik uste dut Espainiako Gobernuaren murrizketek eragina eduki dutela batez ere AZPkoengan [administrazio eta zerbitzuetako pertsonala]. Ez da logikoa, bestela, emaitza hori. Beste kolektiboengan ez dute hainbesteko eraginik izan: irakasleek proiektu akademikoa baloratu dute. Arazo jakin horrek ez du hainbesteko eraginik izan, nire ustez, nahiz eta denok pentsatu bidegabea dela.
Duela lau urte ez zenuen irabazi irakasle doktore iraunkorren artean, eta orain bai. Zer gertatu da?
Uste dut egin dugun bidea baloratu dutela: proiektu akademikoa, irakaskuntza, ikerketa, kudeaketan egindako lana... Mundu horretan murgilduta gaude irakasleak. Kanpotik, sindikatuei edo sektore batzuei begiratzen diezue sarri, baina hori ez da egiazkoa: irakasleek lana baloratzen dute.
Hauteskundeetako araudia aldatzean, boto neurtuan pisu gehiago eman zitzaien ikasleei (%22,08), baina haien parte hartzea oso baxua izan da berriro (%3,57). Lanketa berezia egin behar da haiekin?
Ikasleak ikastera datoz, eta hori da euren helburua. Hori ona da, baina pena ere ematen dit, guretzat garrantzitsua baita haien freskura eta parte hartzea organo guztietan. Oraingo parte hartzea txikiegia izan da, normalean%7-10 artean egon baita. Baina ez dakite zenbat botere daukaten: %22 hori erabakiorra da.
Irabazita, zein da zure orain lehentasuna?
Datorren urteko aurrekontua. Proiektua prestatu eta [Eusko Jaurlaritzako] lehendakari berriarekin berehala bildu behar dugu. Eta gero, 2014tik aurrerako Unibertsitate Plana prestatzen ere hasi beharko dugu.
Aurten aurrekontua murriztu zuen Jaurlaritzak, hitzemandako 17 milioi kenduta. Halakorik berriz izango da?
Malgutasuna beti izan behar dela uste dut, baina daukagunari eustea garrantzitsua da guretzat.
Diru kontuak kenduta, zein da EHUk egun duen premiarik handiena?
Urtero 400 tesi egin nahi ditugu, eta horren azpian dagoen egitura ondo koordinatu behar dugu. Orain, ondo legoke apur bat gelditzea eta daukaguna aztertzea: unibertsitate osoaren lana dago 400 tesien helburuaren atzean.
Iñaki Goirizelaia. EHUko errektorea
«Galtzekotan emango nuen hitzaldia idatzita neukan»
Herenegun izandako hauteskundeen emaitzekin pozik dago Iñaki Goirizelaia: behar eta nahi zuen babesa lortu du, irakasleengandik batik bat. Bere proiektua indartuta atera dela ondorioztatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu