Maribi Ugarteburu (Udalbiltzako auzipetua)

"Garai baten amaieran eta beste baten hasieraren lehen zantzuetan gaudela pentsatu nahi genuke"

Zazpi urte bete dira gaur Espainiako Poliziak Udalbiltzaren aurkako operazioa hasi zuenetik. 22 auzipetu daude -10 eta 23 urte arteko espetxe zigorra eskatu dute haientzat- eta laster has daiteke epaiketa. Gaur arratsean elkarretaratzeak egin dituzte. Maribi Ugarteburu auzipetuarekin mintzatu da BERRIA.INFO.

Iñaki Lasa Etura.
2010eko apirilaren 29a
20:52
Entzun
Udalbiltzaren aurkako operazioa egin zutela zazpi urte bete dira gaur. Nola gogoratzen duzu egun hura?

Oso sentsazio gogorrekin. Goizaldean izan zen operazioa; ni ez ninduten atxilotu, baina goizeko bostetan jo zuen telefonoak eta hartu nuenean banekin ezer onik ezin zuela izan ordu horretan. Kazetaria zela esan zidan deitu zidanak eta Poliziak Udalbiltzako hainbat lagun atxilotu berri zituela. Ia bihotza atera zitzaidan. Oso kolpe latz modura oroitzen dut, hortaz. 2003ko urte osoa gogoratzen dut horrela; Egunkaria itxi eta handik bi hilabetera izan zen gurea.

Operazio osoa ez zuten egun berean egin.

Lehenengo gau hartan zortzi kide atxilotu zituzten. Haien artean, udal hautetsiak zeuden, baita Udalbiltzan administrazio lanetan kontratupean ari zen jendea ere. Gau berean, besteak beste, Oiartzun eta Astigarragako udaletxeetako bulegoak itxi zizkiguten, berez udal haienak ziren bulegoak. Horrekin batera, udaletxeetatik jasotako diru publikoa Udalbiltzaren egitasmoentzako blokatua zegoela jakin genuen, eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondorako batuta genituen 400.000 euroak ere hala zeudela. Herritarrek emandako dirua blokatu ziguten, beraz.

Ba al dakizue noiz izango den epaiketa?

Hori da erantzuten ez dakigun galdera, ez dakigula noiz hasiko den epaiketa. "Laster" esaten dugu beti, baina hori esaten bi urte eta erdi daramatzagu. 2007ko irailetik gaude itxaroten. Ez dakigu ezer, baina edozein unetan has daiteke epaiketa.

=b'Egunkaria'-ko itxiera kasuko bost auzipetuak absolbitu egin berri ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Antzeko epaia jasotzea espero duzuela esana duzue. Zergatik diozue hori?=b

Itxaropena ez da galtzen. Egunkaria auzikoa oso epai esanguratsua izan da, ez baita absoluzio soila izan, hori baino gehixeago esan du epaimahaiak. Sententzia horren barruan badaude ideia interesgarriak. Esaterako, akusazioek lehenengo delituaren berri eman zutela eta ondoren saiatu zirela frogak aurkitzen, baina epaimahaiak dio ez dagoela deliturik. Gure kasuan ere ETAkoak garela esaten dute, baina baieztapen horren froga bezala ez dute ezertxo ere aurkezten. 2003ko gauza bera esaten jarraitzen dugu: ez dagoela deliturik, Udalbiltzak guztiz jarduera instituzional publikoa eta gardena egin izan duela. Baina, jakina, bultzada politikoaren ondorioz eraman dute aurrera hau dena. Egunkaria auzian politikoa izan zen prozedura eta Udalbiltzaren kasuan ere bai.

Ustezko delituak zein dira, orduan?

Gure jarduera publikoaren parte zirenak. Hau da, hezkuntzako hainbat eragileri laguntza eman izana, EHNA bezalako agiria sustatu izana edo Nazioarteko Konferentzia bat egin izana. Horiek delituak dira, antza denez. Baina horiek delitu direla erakusteko ez dute ezer.

"Dena da ETA" ideia alde batera geratzen ari al da?

Hori nahi dugu pentsatu. Baieztapen horrekin hasi zen Garzon epailea, Aznarren garaian abanderatu bezala ipinita Auzitegi Nazionala. Dena dela, Espainiako ondorengo gobernuak, PSOEkoak, ez du baztertu ildo hori, Egunkaria auzian salbu, fiskalak hasieran artxiboa eskatu zuelako eta ondoren absoluzioa; ikusi du dena ez dela balekoa, guztia ezin dela sartu zaku berean. Garai baten amaieran eta beste baten hasieraren lehen zantzuetan gaudela pentsatu nahi genuke; denborak eta denon arteko ahaleginak esango du.

Ba al dakizue zeinek osatuko duten zuen aurkako epaiketako epaimahaia?

Salako burua Javier Gomez Bermudez izango dela dakigu; Egunkaria auziko epaimahaiko buru bera. Baina harekin ariko diren epaileen izenik oraindik ez daukagu.

=bGaur arratseko hiri eta herrietako bilkuretan 'Udalbiltza auzia' salatzeko deia luzatu duzue.=b

Egun hauetan hori izango da egingo duguna. Jakina, epaiketa garaian beste hainbat ekimen egingo ditugu. 'Bai Udalbiltza' sarea sortua dugu, udal hautetsi eta hautetsi ohien artekoa, eta horretaz baliatuko gara, besteak beste.

Nazioartetik babesik jaso al duzue?

Europatik bultzatu eta sustatu egiten dute udalen arteko mugaz gaindiko langintza. Garapenerako bide bat dela diote. Espainiako Auzitegi Naizonalak horixe bera egotzi nahi digu. Guk lan hori egiten genuen, mugaz gaindi, oso modu praktikoan, Euskal Herria zazpi herrialdez osatutako nazioa garela erakutsiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.