Garapen Kontseiluak dio ezagutza falta nabarmena erakutsi duela

Frantziako Barne ministroaren hitzek harridura eta arrangura eragin dizkiola jakinarazi du

Aitor Renteria.
Baiona
2012ko urriaren 31
00:00
Entzun
Manuel Valls Frantziako Barne ministroaren hitzek Ipar Euskal Herrian ehundutako elkarlanaren ezagutzarik ez duela islatzen dutela adierazi du Garapen Kontseiluak. Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroaren jarrera irekia eta eraikitzailea izan zela gogoratu du. Gisa berean, Garapen Kontseiluak egin duen lanak Frantziako Senatuko presidenteak egindako proposamen eskariari erantzuten diola gogoratu du. «Aldiz, Vallsen hitzek harridura eta arrangura eragiten dute», dio Garapen Kontseiluak.

Lurralde elkargoaren aldarria nondik sortu den jakinarazi dio Garapen Kontseiluak Barne ministroari. Ipar Euskal Herriaren gobernantza aztertzea eta deszentralizazio prozesuan proposamenak egitea eskatu zuen gobernuak. Ehunka jende bildu ziren geroztik Garapen Kontseiluaren barnean, enpresaburuak, sindikalistak, irakasleak, ikerlariak, kultura munduko eragileak, Merkataritza eta Industria Ganberako ordezkariak. 18 hilabetez gogoetatu zuten nolako instituzioa behar zen arloz arlo sortzen ziren beharrei ihardesteko, bai enplegu arloan, etxebizitza arloan, garraioaren antolaketan, garapen ekonomikoan, kulturan zein hizkuntza politikan. «Arloz arlo egindako gogoetan oinarritzen da lurralde elkargoaren aldarria», gogoratu du.

Garapen Kontseiluaren barnean gogoetatu eta proposamen zehatzak egin dituzte Ipar Euskal Herriko eragileek hogei urtez. «Lan horiek erakusten dute Ipar Euskal Herriko eragileen heldutasuna, eta aurkakoa erratea orain erradikaltasun hazia ereitea litzateke, zeina guk gaitzetsi egiten dugun», dio Garapen Kontseiluak Vallsen hitzei erreferentzia eginez.

Izan ere, Vallsek ETAren bukaerarekin uztartu du lurralde elkargoaren sorrera, eta gai horretan ere Espainiaren urratsak segituko dituztela gaineratu. Horrek Garapen Kontseiluak egindako lan guztia baztertu eta baliogabetuko luke. Vallsen hitzek ez dituzte kontuan hartzen ondorioak, eta, horregatik, «erradikaltasun» hazia ereitea leporatzen dio Barne ministroari. Hautetsien Kontseiluko kideekin batera, deszentralizazio ildoan lanean segitzeko borondate irmoa berretsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.