UPNk bere diskurtsoari eusten dio. ETAk jardun armatua uzteko erabakiaren ondotik sortu den egoera politiko berrian eta espetxe politikaren inguruko eztabaidan duen koherentzia politikoaz harro agertzen da. Herenegun PSNko Roberto Jimenezek egoera berriari ez ikusiarena egitea leporatu zion UPNri. Atzo, berriz, Carlos Garcia Adanero UPNko idazkari nagusiak ezer hitzartu gabe diskurtsoa aldatzea egotzi zion PSNri, hura zuzenean aipatu gabe: «Presoak hurbiltzeko aukerari buruz, adibidez, batzuk azkarregi doaz», esan zuen Garcia Adanerok.
Hala ere, euskal preso politikoak hurbiltzen hasteko eztabaida agenda politikoan sartu da. Horren erakusgarri da UPNren atzoko prentsaurrekoa. Garcia Adanerok batik bat aurreko astean Espainiako Gobernuak aurkeztutako neurriek Nafarroan izango dituzten ondorioak azaltzeko baliatu zuen aukera. Hala ere, kazetariek zuzenean galdetu gabe, espetxe politikari buruz eta ETAren erabakiaren ondorengo egoerari buruz hitz egin zuen.
Garcia Adanerok esan zuen «garaituak eta garaileak» egon behar direla. Kirol emaitzekin alderatu zuen bakegintza: «Ezin da berdinketarik egon».
Espetxe politikari dagokionez, Parlamentuko Eledunen Batzordeak abenduaren 19an onartutako ebazpena UPNrekin hitzartu gabe egitea aurpegiratu zion PSNri. «Orain arte PSNk UPNrekin hitzartu ditu urratsak, baina adierazpen hori onartzerakoan nahiago izan du Bildu, NaBai edo Ezkerraren babesa bilatzea». Garcia Adanerok berretsi du UPNk bere jarrerari irmo eutsi diola, eta espetxe politikaren inguruko edozein aldaketa egiteko «adostasun zabala» lortu behar dela iritzi dio. PSNk herenegun zioen auzi horretan ez dutela inongo konpromisorik UPNrekin.
Presoen egoera
Garcia Adanerok ohartarazi du PSNk «azkarregi» joan nahi duela espetxe politikan
UPNrekin hitz egin gabe oposizioko alderdien babesa lortu nahi izatea aurpegiratu dio Alderdi Sozialistari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu