Garestia, orain bi urteko Riau-riaua

Desordena publikoak eragitea eta udaltzainei eraso egitea egotzita, zortzi urte eta erdiko zigorrak eskatu ditu fiskalak hiru auzipeturentzat

Jai herrikoien alde errepresiorik ez lelopean atzo Iruñeko Udaletxe plazan izan zen elkarretaratzea. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Lohizune Amatria.
Iruñea
2014ko uztailaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Riau-riaua berreskuratzen saiatu zen Iruñeko Udala duela bi urte. Ez zuen lortu. Liskarrak sortu ziren berehala, eta udal taldea ez zen udaletxetik atera. Garesti ordainaraziko diete orain zenbait auzipeturi. Zortzi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du fiskalak 2012ko sanferminetan ekitaldian izandako istiluengatik auzipetutako hiru pertsonen aurka. Ekitaldia ekidin «nahian», desordena publikoak eragitea eta udaltzainen aurkako erasoak egitea egozten dizkie fiskalak. Egun berean, La Sexta katean pertsona bat kolpatzen azaldu ziren beste bi pertsonei, berriz, indarkeria delitua eta kolpadura falta egozten dizkie. Hiru urteko kartzela zigorra eskatu du haien aurka.

Auzipetuei babesa agertzeko eta errepresioa salatzeko, elkarretaratzea egin zuten atzo eguerdian Iruñeko Udaletxe plazan,Iruñea Askatasunez elkarteak, Eleak mugimenduak eta auzipetuek eurek antolatuta. Jai herrikoien alde errepresiorik ez lelopean egin zen kontzentrazioa, eta fiskaltzaren zigor eskaera «neurrigabeak» salatu.

Bederatzi pertsona atxilotu zituzten ekitaldian izandako liskarrengatik, baina fiskalak bosten kontra egin du eskaera. «Mikel Aingeru Auzaren atxiloketarekin hasi zen dena. Bera izendatu zuten hasieratik, eta prentsan agertu ondoren atxilotu zuten», azaldu du Leire Martin auzipetu batzuen defentsa abokatuak. Ekitaldian atxilotutako hiru auzipetuek zortzi urte eta erdiko kartzela zigor eskaerari egin behako diote aurre; beste biek, berriz, hiru urtekoari. «Gainontzekoak kanpoan geratu dira; frogarik ez dagoela ulertuta, artxibatzeko eskatu dute», argitu du.

Hamasei urtez egitarau ofizialetik kanpo eduki ondoren, ekitaldia berreskuratzea erabaki zuen Iruñeko Udalak, 2012an. Uztailaren 6ko 16:30ean hastekoa zen; baina fiskalak dioenez, «behin eta berriz» ingurukoak kolpatuz eta udaltzainei eraso eginez, ekitaldia geldiarazi nahi zuten auzipetuek. Gertaera haiengatik, bertan behera utzi zuten ekitaldia. «Udaltzainak egindako txosten bat da fiskalaren tesia», dio Martinek. Autoan jasota dagoenez, identifikatu ez dituzten beste batzuekin batera «era koordinatuan» ekitaldiari sabotajea egin nahi izan zioten auzipetuek.

«Eztabaidagarria da»

Udaltzainei eraso egiteagatik lau urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du fiskalak Riau-riauko istiluengatik atxilotutako hiru pertsonen aurka. Eskaera «eztabaidagarria» da Martinen iritziz: «Idazkian ez dago ongi kalifikatuta. Kontakizunean, udaltzaingoa aipatzen da, baina Zigor Kodeak bat eta hiru urte arteko kartzela zigorra ezartzen du».

Abokatuak azaldu duenez, agintarien kontra izan balitz egokia izango litzateke eskaera. Desordena publikoak eragiteagatik, berriz, lau urte eskatu ditu. «Zentzuzkoa da, jendetza zegoen tokian izateagatik larriagotua delako delitua. Baina beraiek izan ziren ala ez frogatu beharko dute», dio. «Dena den, egiletza egiaztatzen badute, ekintzak ezin dira delitutzat hartu, bake publikoaren aurka atentatu nahia eskatzen baitu delituak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.