Garoña beste sei urtez abian izateko itun bat sinatu dute, 2013ko mugari izkin eginda

Mantentze lanetarako kontratua izenpetu dute Nuclenor jabeak eta General Electricek; hamar urte luza daiteke

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Garoñako zentral nuklearra (Burgos, Espainia) 2013an ixteko erabakiari ezikusia egin, eta beste sei urtez martxan izatea bermatzeko akordio bat sinatu dute Nuclenor jabeak eta GE General Electric enpresak. Mantentze lanak egingo ditu. Akordioak dio «epe luzera» Garoña funtzionatzeko moduan egotea dela xedea. Sei urteko epea ageri du; ordea, beste aukera bat ere aintzat hartu dute: ituna hamar urte gehiagorako luzatzekoa.

Ituna ikusita, uste izatekoa da Espainiako Gobernura PP helduko dela egintzat eman duela Nuclenor enpresak. Alderdi horrek iragarria du Garoñako zentrala urte gehiagoan irekita izatearen aldekoa dela. Oraingo gobernuak ezarri zuen ixteko data 2013rako.

GE enpresak eman du akordioaren berri. Bi aldeek adostu dute General Electricek mantentze lanak egingo dituela Garoñako zentral nuklearrean: gailuen azterketak-eta egingo ditu aldian-aldian, eta erregaia hornitzeko ardura izango du. Gainera, elkarlanerako ildoak zabaltzeko ados jarri dira Nuclenor eta biak.

General Electric enpresa arduratu da Garoñako zentralaz martxan den urteetan, 1971az geroztik. Izatez, hark diseinatutakoa da erreaktorea bera ere, Japonian ezbeharra izan zuen Fukushimakoa bezala. Seguruak direla etengabe defendatu du enpresak.

Sei urterako akordioa izenpetu dute, eta luzatzeko modukoa. Baina atzera egiteko zirrikitu bat utzi dutela jakinarazi du GEko ordezkari Jose Aycartek. Alegia, Espainiako Gobernuak ez balu aldatuko 2013an ixteko erabakia, «airean» geratuko litzateke Nuclenorrek eta General Electricek sinatutako hitzarmena. «Malgua» da ituna, Aycarteren arabera. Dirutan zenbateko akordioa den ez dute jakitera eman.

PPk hauteskundeetarako programa aurkeztu eta hurrengo egunean eman dute hitzarmenaren berri. Alderdi horrek programan ez du zehatz adierazi Garoñako zentralak jarraitzea ahalbidetuko duela; CSN Segurtasun Nuklearrerako Espainiako Kontseiluaren erabakiak errespetatuko dituela iragarri du. Lehendik, ordea, egin izan ditu Garoñak jarraitzearen aldeko adierazpenak. 2019ra arteko epea aipatu da; hain zuzen ere, urte horretara artekoa da akordioa, sei urterakoa.

40 urteko bizia

Espainiako Gobernuak erabakia eta Auzitegi Nazionalak baliozko jota, ixteko data ezarria du Garoñak: 2013ko apirilaren 1a. 42 urte balituzke ordurako, nahiz eraiki zutenean 40 urterako bizia iragarri zioten. Zabalik segitzeko ahaleginak etengabe egin ditu Nuclenorrek, eta milioi asko jarri ditu.

Eztabaidak ere jarraitzen du. Asteon jakinarazi dute zentralak Ebro baimendua baino gehiago berotzen ote duen ikertzen hasia dela Zaragozako Fiskaltza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.