Santa Maria de Garoñako (Burgos, Espainia) zentral nuklearraren ustiapen baimenaren luzapenaren aurka egingo duela iragarri du Javier Marotok, Gasteizko alkateak. Jarrera hori PPk Espainiako Kongresurako bozetan izango duen jarreraren aurka doa. Alkateak aurreratu du «gertatzen dena gertatzen dela» defendatuko duela ixtea. «Jarrera pertsonala da, alkate moduan defendatuko dut», nabarmendu zuen atzo Marotok, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.
Burgosko PPko presidente Cesar Ricok egindako adierazpenen harira heldu dira Marotorenak. Ricok aurreratu du PPk Garoñako zentral nuklearraren 2019. urtera arteko luzapena eskatuko duela azaroaren 20ko hauteskundeetan. Luzapen hori gerta dadin bi baldintza bete behar direla aurreratu du Ricok; alde batetik, CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak ustiapen baimenaren luzapenari oniritzia eman behar dio, eta, bestetik, txosten teknikoak zentralaren iraupena luzatzea posible dela adierazi behar du.
PPk eskatuko dituen bi baldintza horiek 2009an betetzen ziren, Espainiako Gobernuak zentralaren ustiapen baimena 2013ra arte luzatzea erabaki zuenean. Dena den, PPren eskaeraren aurka, Garoña «ahal den azkarren» ixteko eskatuko du Marotok, eta jarrera horri eutsiko diola gaineratu du. «PPk dioenarekin bat ez datozen zenbait gauza esaten dituen politikaria naiz, eta egoera hori egokitzen bada egoera horiek zentzuz negoziatu beharko ditugu», aurreratu du.
Eztabaida iturri
Garoñako zentralaren jarduna 2013ko uztailaren 6ra arte luzatzea eztabaida iturri izan da, ez baitzituen bete ez energia nuklearraren aldeko ezta kontrako mugimenduen asmoak. Ustiapen baimena 2019ra arte luzatzea posible zela jakinarazi zuen CSNk, baina epe hori laburragoa izateko aukera zegoela azaldu berri du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Zentral nuklear baten jarraipena erabakitzean gobernuaren energia politika kontuan hartzea zilegi dela ondorioztatu zuen duela bi aste jakinarazitako epaian.
Garoña ixtearen alde agertu da Maroto, PPren jarreraren aurka
Zentral nuklearra «ahal den azkarren» ixtea sostengatuko du Gasteizko alkateak, «ondorioak ondorio»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu