Legebiltzarrak Garoñaren bizitza amaitzeko azkeneko bi urteotan egiten duen bigarren eskaera da hau, 2009ko ekainean ere zentral nuklearrari bizitza ez luzatzeko eskatu baitzuen Gasteizko parlamentuak.Orduan, ordea, Espainiako Gobernuak Garoña ustiatzeko baimena lau urtez luzatu zion Nucleanorri, Garoña kudeatzen duen enpresari. Hark hamar urteko luzapena eskatzen zuen, eta talde ekologistek, aldiz, berehala ixteko.
Espainiako Gobernuak, bere aldetik, Garoña 2013. urtean itxiko duela baieztatu du. Manuel Chaves gobernuko hirugarren presidenteordeak atzo adierazi zuen Madrilgo gobernuak ez duela iritziz aldatu: «Erabakia ez da aldatu eta bere horretan geldituko da».
Nolanahi ere, erabakiak erabaki, Japonian gertatutakoak zentral nuklearren arriskuak azaleratu ditu, eta Eusko Legebiltzarreko atzoko eztabaida horren isla izan zen. Izan ere, EAJk eta CiUk, PSOEren babesarekin, Ekonomia Iraunkorreko Legeari egindako zuzenketa baten ondorioz, zentral nuklearren bizitza 40 urtetik harago luzatzeko aukera ireki dute Espainian, eta horrek zalantzan jartzen du Garoñaren ixtea, Mikel Arana Ezker Batuko legebiltzarkidearen arabera. Aranaren iritziz, legediaren aldaketa «kezkatzekoa» da, eta horri lotuta, zalantzan jarri zuen 2013ko uztailetik aurrera zer gertatuko den, «nahiz eta PSOEk gobernuan segitu».
EAJko legebiltzarkide Norberto Aldaiturriagak, ordea, Espainiako hauteskundeetan jarri zuen Garoñaren etorkizuna baldintzatuko duen mugarria: «PSOEk gobernuan segitzen badu, bermatuta egon daiteke itxiera data, baina PPk irabazten badu, Garoñak irekita jarraituko du».Hain zuzen ere, PSOEk Espainiako Gobernuan segitzeko itxaropenari heldu zion Natalia Rojo PSE-EEko legebiltzarkideak. «Eta horrela, Garoña 2013ko uztailean itxiko dute».
PSOEk energia nuklearraren kontra «ezer» ez duela egin gogoratu zuen Carmelo Barrio PPko parlamentarioak: «Ikusiko da zer gertatzen den beste gobernu batzuekin, nuklearren aldekoak zenbateraino diren, baina oraingo gobernuak ere ez du ezer egin energia nuklearraren aurka».
Segurtasuna airean
Japonian gertatutakoak «mahai gainean» jarri du, Dani Maezturen (Aralar) eta Juanjo Agirrezabalaren (EA) iritziz, segurtasunaren gaia. Biek ala biek energia berriztagarrien aldeko apustua egiteko eskatu zuten legebiltzarrean.
Hain zuzen, Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramailearen iritziz, ez dago Garoñaren segurtasuna «muturreraino eramateko» arrazoirik, Japonian gertatutakoa «ohiz kanpoko gertaera tamalgarrien ondorioa delako».
Legebiltzarrak bigarren eskaera bat ere egin zion Jaurlaritzari: Garoñaren ixtearen ondorioz zentralaren inguruko herrietan abian jarriko den dinamizazio ekonomikorako planean Arabako herriak eta Urduña (Bizkaia) sar daitezen lanak egin ditzan.