Santa Maria de Garoñako (España) zentral nuklearra gelditu egin zuten atzo goizean, ezohiko presioa atzeman baitzuten erreaktorearen ontzian. Erreaktoreko kontrol barren sekuentzia aldatzeko lanak egiten ari ziren zentraleko langileak, eta, horretarako, zentralaren potentzia jaitsi zuten. Ordea, lan horietan ari zirela, erreaktorearen ontzian lurrun presio baxuegia atzeman zuen segurtasun sistemak, eta, aurreikusita ez zegoen arren, lurrun sistema isolatzeko balbulak itxi eta erreaktorea gelditu egin zen.
Europako adituek zentralean egindako segurtasun probei oniritzia eman eta hiru egunera gertatu da Garoñako ezohiko geldialdia. Aurreko ostiralean bukatu zituzten estres testak direlakoak egiaztatzeko bilerak, eta «balorazio positiboa» eman zioten CSNk egindako lanari, hau da, egungo segurtasun mailari oniritzia eman baina etorkizunera begira mantentze eta zaharberritze lan sakonak egiteko agindua berretsi zuten Europako adituek.
Nuclenor Garoñako zentral nuklearraren jabeak adierazi du gertaerak ez duela inolako arriskurik ekarri ez zentraleko langileentzat, ezta ingurumenarentzat ere. Bide batez, nabarmendu du Garoñako segurtasun sistema guztiek behar zuten moduan funtzionatu dutela, eta geldialdi hau gertatu arte 302 egun jarraian egon dela lan egiten.
«Errusiar erruleta»
CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak jakinarazi du erreaktorea gelditu ondorenaztertzen ari dela presio baxuko seinalearen jatorria zein den. Geldialdia zenbait mantentze lan egiteko baliatuko dituela azaldu du Nuclenorrek, eta egoera horietan aurreikusita dauden «beharrezko aldaketak» egiteko. Bide batez, lan horiek egin ondoren, erreaktorea berriro abiarazteko probak egingo ditu, eta argindar sarera lotuko du ondoren.
Araba Garoñarik Gabe plataformako kide Alberto Friasek «errusiar erruleta» hitzak erabili ditu berriro, iragan larunbatean Garoñaren aurka Ogeta pilotalekuan egindako ekitaldian hainbatetan erabili zuten bezala. Hain zuzen ere, Arabako gizarteak zentral nuklearra ixteko eskatu eta bi egunera gelditu da zentrala. «Zentralaren eragin eremuaren inguruan bizi garenon bizitzarekin jolasten ari direla azaldu nahi genuen».
Zentrala martxan mantentzea arriskutsua dela erakusten du atzoko geldialdiak, Friasen esanetan, eta hori ezkutatzeko erabiltzen diren arrazoiak kritikatu ditu. «Berriz esango dute geldialdia automatikoa izan denez zentralaren erabateko segurtasuna frogatuta dagoela; norbaiti makina bat gelditzen zaionean 'zein ondo' esatea ez da normala».
Bestalde, Eguzkik nabarmendu du kontraesankorra dela, zentralaren segurtasuna bermatzen duten txostenak egon arren, horrelako geldialdiak gertatzea. Gizartearen eskaera eta zentralari buruzko txosten teknikoak ere ez datozela bat gogorarazi du. Bide batez, CSNri eskatu dio Garoñan agindutako hobekuntzak egin bitartean zentrala ustiatzeko baimena ez emateko.
Bilduk gogorarazi du Garoñak 40 urte baino gehiago dituela, eta gaineratu du atzoko geldialdiak zentrala «berehala» itxi behar dela erakusten duela. Horretaz gain, CSNren «gardentasun falta» kritikatu du, eta «informazio osoa» emateko eskatu dio.
Garoña ustekabean gelditu da, Europak segurtasuna egiaztatu eta hiru egunera
Erreaktorearen ontzian presio baxuegia zegoelako gertatu da geldialdia, mantentze lanak egiten ari zirela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu