Ecologistas en Accion taldeak egindako kalkuluen arabera, 150 milioi euro beharko dira Garoñako zentrala (Burgos, Espainia) berriz zabaltzeko, eta, hala ere, moldaketa lanek ez dute azpiegitura bere onera ekarriko: 43 urte beteta dauzka zentral nuklearrak, pitzadura asko ditu, eta funtzionatzeko era zaharkitua. Horregatik, zinez ideia «burugabea» iruditzen zaio zentrala berriz irekitzeko baimena eskatzea. Baina Nuclenor enpresarena da—Endesa eta Iberdrolaren artean osatzen dute, erdi bana—, eta hark berriz zentrala martxan jartzeko asmoa duela dirudi. Astelehenean Endesako presidente Borja Pradok eman zuen albistea, eta oraindik eskaera formalik egin ez bada ere, bidean dela ematen du. Nuclenorreko administrazio kontseiluari dagokio eskaria egiteko erabakia, eta uztailaren 6ra arteko epea du horretarako. 2024. urtera arteko baimena eskatzeko asmoa dute.
Ecologistas en Accion taldeak nola, beste hainbat erakundek ere azaldu dute ezinegona. Arabatik oso gertu dagoen zentrala denez, Euskal Herrian erreparoz begiratu diotenak asko dira, eta kontrako mezuak eman dituzte berriro. Eusko Jaurlaritzaren izenean, esaterako, Josu Erkoreka eledunak adierazi du «segurua ez delako eta zaharkituta dagoelako» jarraitu behar duela zentralak itxita: betiko. «Kontra gaude erabat». Madrilen ere eman du EAJk aurkako iritzia; Kongresuan Pedro Azpiazu diputatuak oroitarazi du «elektrizitatearen sorkuntzan» ekarpen urria egiten duela zentralak, eta itxita ondo dagoela.
ELA sindikatuak bi kritika nagusi egin ditu albistearen berri izan ostean: zentralak «arrisku handia» ekar dezakeela oroitarazi du, eta diru publikoa xahutu besterik ez dela egiten bertan. «Mariano Rajoyk, berriro ere, elektrizitate enpresa handien interesak lehenetsi ditu, herritarren segurtasunaren aldean».
PSE-EEk, berriz, Eusko Legebiltzarrera eraman nahi du gaia, Garoñan jarduteko baimenaren kontrako ebazpen bat onar dezaten bertan. Arabako Foru Aldundiari ere eskatu dio hartzeko zentralaren kontrako jokabidea; horregatik esan dio bat egiteko Biltzar Nagusiek Garoña irekitzeko bidea ekarri duen dekretuaren kontra —otsailean onartu zuen Espainiako Gobernuak— eta abantaila fiskalen kontra Auzitegi Gorenean aurkeztu zuten helegitearekin. Aldundiak, aldiz, erantzun du konfiantza duela CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluaren jardunbidean —haren oniritzirik gabe ezin da zabaldu zentrala—.
Bidea, zelai-zelai
Madrilek azken hilabeteotan hartutako hainbat erabakik hauspotu dute zentrala berriro irekitzeko asmoa: espresuki enpresaren nahierara idatziak dirudite. Eta Nuclenorrek, antza, aintzat hartu ditu. Ondorengo prozesua luzea izango da, ordea. Eta zentralak, pitzatuta, denbora ez du alde.
Garoñak konpondu ezin diren arazoak dituela ohartarazi dute ekologistek
Gogorarazi dute 43 urte beteak dituela zentralak, eta arrakala asko; beste talde eta erakunde askok ezinegona azaldu dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu