Santa Maria de Garoñako zentral nuklearrak (Burgos, Espainia) segurtasunik ez duela agerian uzteko asmoz, protesta ekintza egin du Greenpeace talde ekologistak. Paraxut motordunekin zentralaren gainean hegan egin, eta erreaktorea dagoen eraikinaren gainean ke potoak utzi dituzte. «Ez dago arrazoi ekonomiko eta energetikorik Garoñaren jarduera baimena luzatzeko», ohartarazi du talde ekologistak. Horrenbestez, arduragabetzat jo dute Espainiako Gobernuak zentrala datorren urteko uztailean ixtea agintzen zuen dekretua bertan behera uzteko tramiteak hastea.
Ingurumenaren Nazioarteko Eguna zen atzo, eta horren harira egin zuten protesta Greenpeaceko hainbat ekintzailek. Goizean izan zen. Hiru argudio eman dituzte zentralaren jarduera ez luzatzeko: amortizatutako azpiegitura bat izatea, Europako Batasunaren erresistentzia probak amaitu gabe egotea eta Iberdrolari eta Endesari ordaintzen zaizkien prezioak oso altuak izatea. «Ezin dugu etorkizuna eta ingurumena arriskuan jartzen jarraitu gutxi batzuk aberasteko», nabarmendu du Greenpeaceko ordezkari Raquel Montonek.
Greenpeaceko kideak gogorarazi du Europako Batzordeak berak baieztatu duela zentrala amortizatua dagoela. «Luzatzearekin, beraz, herritarrek ez dute onura ekonomikorik lortuko. Gainera, jarduera luzatuz gero, sortzen diren hondakin nuklearren kopurua handitu egingo da. Horregatik, gehiago ordaindu beharko dugu herritarrok».
Garoñak irekita jarraituz gero energia berriztagarrien garapena eten egingo dela uste du Montonek. «Energia berriztagarriek lanpostu gehiago sortzen dituzte, eta klima aldaketari modu eraginkorragoan eta ekonomikoagoan aurre egiten laguntzen dute». Harago joan da. «Garoña ixteak irekita jarraitzeak baino lanpostu gehiago sortuko lituzke».
Segurtasunaren ikuspegitik ere ezinbestekotzat jo du ixtea. «Erresistentzia probak amaitu eta egiaztatu gabe daude. Istripu nuklearren bat egongo balitz, eragina zentraletik urrun dauden guneetara iritsiko litzateke. Egin diren simulatzeek argi erakutsi dute hori. Gainera, Endesak eta Iberdrolak ezingo lituzkete ordaindu halako hondamendi batek ekarriko lituzkeen kostuak».
Nuclenorren erantzuna
Garoña kudeatzen duen Nuclenor enpresaren ustez, «arduragabea» da Greenpeaceko ekintzaileen jokabidea. «Segurtasun neurri guztiak abian jarri, eta Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluari eman behar izan diogu abisua», salatu du enpresak ohar bidez. Halako ekintzak «antzuak eta baliorik gabeak» dira, Nuclenorren esanetan. «Normal lan egin ahal izan dugu, eta etorkizunean ere horretan jarraituko dugu».
Garoñako zentralean ke poteak utzi dituzte, segurtasun falta salatzeko
Greenpeaceren ustez, «arduragabea» da zentralaren baimena ez luzatzeko agindua bertan behera uztea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu