Lurralde Estrategia behin betiko onartzeko azken urratsak egiten ari da Nafarroako Gobernua. Agiri horrek Iruñea inguruko hiriak bultzatzeko beharra azpimarratzen du, bai eta mendialdeak egun bizi duen bazterketa konpontzekoa ere. Iruñean pilatzen da Nafarroako populazioaren zati handi bat, eta, Iruñean pilatzen dira, halaber, herrialdeko zerbitzuak.
Egoera horrek garraio bideetan badu isla, garraio publikoaren sistemak agerian uzten duenez. Leitzaren, Beraren edo Elizondoren gisako herriak Iruñearekin lotzeko aukera eskasak eskaintzen ditu. Berdin gertatzen da Erronkariko, Zaraitzuko eta Aezkoako ibarretan. Autoa da gune horiekin lotzeko aukera ia bakarra.Nafarroako Gobernuak du herrien arteko bidaiarien garraioa antolatzeko eta ikuskatzeko eskumena. Erakunde horretako arduradunen iritzia jasotzen saiatu da egunkari hau, baina ez du lortu. Gobernuak, halaber, gutxien baliatzen diren zerbitzuen defizita ordaintzen du. Berako alkate Elena Santestebanek argi du defizita nondik datorren: «Zerbitzuak, askotan, ez ditu jendearen beharrak kontuan hartzen». Bere herria jo du egoera horren adibide.Beratik Iruñera joateko autobus bakarra dago egunean. Goizeko 08:25ean abiatzen da Beratik. Bueltan 18:00etan abiatzen da. «Ez da nahikoa, inondik inora ere». Ikasketak Iruñean egiten dituzten beratarrek derrigorrez hiriburuan gelditu behar dutela azaldu du herriko alkateak: «Ordutegiak ez ditu ikasleen beharrak kontuan hartzen.Beratik medikuarengana joateko mugitu behar duten herritarrek, halaber, «jai dute» garraio publikoarekin. «Argi dago periferiak zer erran gutxi duela herrialde honetan, eta are gutxiago Euskal Autonomia Erkidegoaren mugan dagoen periferiak».Nafarroako hiriburuan gora egin du autoen zirkulazioak azken urteotan. Hiriburuaren inguruko herriekin bat egin du Iruñeak. Merkataritza gune handiak eraiki dira herri horietan. Autoen salmentak, hain zuzen ere, gora egin du herrialdean, etengabe, azken urteotan. 2002. urtean, 652 auto zeuden Nafarroan 1.000 biztanleko; 355.500 auto denera. 2004. urtean, halaber, gora egin zuten salmentek. Lehenengo seihilabetekoan, bakarrik, ia % 9koa izan zen igoera hori.
Autoen salmentak, gora
Autoen salmenten inguruko datuek agerian uzten dute garraio mota horren aldeko apustuaren gorakada. Beratarrentzat autoa da hiriburuarekin lotzeko aukera ia bakarra, eta antzekoa gertatzen da herrialdeko beste hainbat tokitan ere. Mendialdetik atera gabe, Pirinioetako aldean oso nabarmena da garraio publikoaren arloko egungo gabezia. Nafarroako Gobernuak Done Jakue bidea du turismoaren arloko ikur nagusi eta ia bakar. Urtero milaka eta milaka erromes igarotzen da herrialdetik Santiagorako bidean. Orreagan hasten dute erromes horietako gehienek euren bidea. Iruñetik Orreagara joateko, ordea, autobus bakarra dago egunean. Igandean, bakar bat ere ez.
«Orreaga, Xabier eta Erronkari dira Nafarroako turismoaren ikur nagusiak; gune horietara autobusez joan nahi duenak, ordea, jai dauka», azpimarratu du Izabako alkate Angel Luis de Miguelek. Erronkariko herri horretara ailegatzeko, halaber, autobus zerbitzu bakarra dago gaur egun. Izabako alkatearen helburu nagusia da ibarreko ekonomia suspertzea, eta horretarako Iruñea eta Jaca (Espainia) artean egiten ari diren autobiak aukera hobeak eskainiko dizkiola uste du De Miguelek.Iruñea eta Jaca arteko autobia ez da Nafarroako Gobernuak egun esku artean duen proiektu bakarra. Azken urteotan, halaber, nabarmen hobetu dira hainbat hiriren arteko errepide sareak. Sakanako autobia da horietako bat. Errepide hobea edukitzeak autobus zerbitzuetan izan du islarik. Iruñea eta Altsasu arteko autobus zerbitzuak ez du Berakoarekin zerikusirik, adibidez: Altsasutik hamalau autobus ateratzen dira, egunero, astelehenetik ostegunera.
Altsasuko egoera errepikatzen da, besteak beste, Lizarran. Zerbitzu ugari dago. Iruñea eta Logroño (Espainia) lotuko dituen autobiak, halaber, errepide bitarteko garraioan izanen du islarik. Argia da errepide sare onaren eta autobus zerbitzuen arteko lotura. Iruñea, Tafalla eta Tutera lotzen dituen autobidea da egoera horren beste adibide argi bat. Hamaika autobus dute.Berako adibidea aipatzekoa da, berriz ere, errepide sarearen egoera kontuan hartzen bada. N-121 errepidearen inguruko azken urteotako eztabaidek badute zer erranik herri horren eta hiriburuaren arteko komunikazioan. Urte askotan Iruñeari bizkarra emanda bizi izan dira Bidasoan. Belateko tunelek lagundu dute harremana estutzen.Egoera, hala ere, oraindik ez da Bidasoako agintariek nahi bezain ona. Oraindik ere hainbat errepide zati dago konpontzeko Sunbilla eta Bera artean. «Lan horiek, ordea, ez dira lehentasuna Nafarroako Gobernuarentzat», salatu du Berako alkateak.Trenak zer erratekorik ia ez du Nafarroako herrialde barruko bidaiarien garraioaren esparruan. Iruñea Tuterarekin, Altsasurekin eta Tafallarekin lotzen dituzten zerbitzuak herrialdea Espainiarekin eta Kataluniarekin bat egiteko sarearen barruan kokatzen dira. Bidaiarien garraioa, Nafarroan, errepidean dago.
Garraio desorekatua
Bidaiariak garraiatzeko autobus zerbitzuak nahiko osoak dira Nafarroako zenbait eskualdetan, baina urriak beste askotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu