Hizkuntza eskubideak

Garraiolari bati 4.601 euroko isuna jarri diote, takografoa euskaraz izateagatik

Guardia Zibilak Jaenen geratu zuen, eta diskoan data euskaraz zuelako «erregistroaren orria faltsutzea» leporatu dio.

Erredakzioa
2010eko otsailaren 2a
16:15
Entzun
Jaengo Guardia Zibilak (Andaluzia, Espainia) isuna jarri dio Arabako garraiolari bati, takografoaren diskoan data euskaraz jarrita edukitzeagatik. Zehazki, 4.601 euroko isuna ezarri dio, eta «erregistroaren orria faltsutzea» leporatu dio.

Salaketa 2009ko irailaren 15ean jarri ziotela jakinarazi du Hiru sindikatuak. Guardia zibilek kamioia gelditu zuten, eta takografoaren diskoak erakusteko eskatu zioten behar bezala ote zituen ikusteko. Garraiolariak diskoak erakutsi zizkien, eta, sindikatuaren arabera, horietan argi eta garbi ikus zitekeen data ondo jarrita zegoela, baina euskaraz. Alegia, euskarazko ordenan zeukan idatzita data (urtea / hilabetea / eguna), gaztelaniazkoan eduki beharrean (eguna / hilabetea / urtea).

Takografoaren diskoan data euskaraz izatea «erregistroaren orria faltsutzea» zela adierazi zuen Guardia Zibilak salaketa orrian. Halaxe dio hitzez hitz salaketak: «Ibilgailuak atsedenaldiak eta gidatze orduak kontrolatzeko gailua darama (takografoa), baina aparatuaren diskoan ageri den datak ez du gaurko datarekin bat egiten, gaurkoa 15-09-09 baita, eta 90-09-15 jarrita dago diskoan. Beste disko batzuetan ere arazo bera gertatzen da, eta horrek polizia agentea nahasarazi du, ikuskatzea oztopatuz».

«Ustezko faltsutze hori egiteagatik 4.601 euroko isuna ezarri diote garraiolariari», salatu du Hiruk. Kamioilariak karguak kentzeko orria aurkeztu zuen, takografoaren diskoetan ageri ziren data guztiak zuzenak direla argitzeko. Helegitean azaldu zuen data idazteko orduan bere hizkuntza erabili zuela, eta, euskaraz, gainerako beste hizkuntza batzuetan bezala (ingelesa, suediera eta abar) datak ez direla gaztelaniaz bezala idazten. Haatik, Andaluziako Juntako Garraio Sailak atzera bota zuen helegitea urtarrilaren 15ean, Guardia Zibilaren salaketa aintzat hartuz. Orain bigarren errekurtso bat jartzeko asmoa du garraiolariak.

Babesik gabe

Hiru sindikatuaren iritziz, Guardia Zibilak aurkeztutako salaketak eta Andaluziako Juntak hartu duen erabakiak «ez dute inolako justifikaziorik», eta bi erabakiek Andaluziako errepideetan ibiltzen diren atzerriko garraiolari guztiak «babesik gabe» uzten dituzte. «Jaenetik ibiltzen diren garraiolariek, ingelesak, errumaniarrak edo euskaldunak izan, gaztelaniaz bakarrik idatzi ahal izango dute takografoaren diskoan, isunik jaso nahi ez badute», salatu du Hiruk. Hala, sindikatu horren arabera, hemendik aurrera, garraiolari andaluzek takografoaren diskoak euskaraz eta gaztelaniaz idatzi beharko dituzte Euskal Herritik pasatzeko orduan ertzainek isuna jartzea nahi ez badute. «Espainiako garraiolariei diskoak gaztelaniaz idazteagatik isuna jarriko diete Ingalaterran».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.