Jon Pellejero. Abokatua

«Garrantzitsua da kasua lan osasuneko zerbitzuetan jakinaraztea»

arantxa iraola
Donostia
2018ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Medikuen Elkargoan dihardu Jon Pellejero abokatuak, arta juridikoa eskaintzen. Maiz egokitu zaio sendagileek erasoen harira abiatutako auzibideetan haien ondoan egotea. Argi du, ordea, kasurik gehienak ezkutuan daudela oraindik ere.

Eraso bat jasan duen profesional batek zer bide du justiziaren eremuan babesa aurkitzeko?

Desberdindu behar dira, eraso fisikoak, eta mehatxu edo irainak. Eraso fisikoetan argi dago zer egin behar den, eta jendeak ez du dudarik: salatu egin behar da. Zure laneko arduradunari jakinarazita, elkargora hurbilduta, edota zuzenean polizia etxe batera joanda. Baina salatu egin behar da. Oso garrantzitsua da, halaber, laneko osasun zerbitzuei jakinaraztea. Jende askok ez du jakinarazten, baina garrantzitsua da. Izan ere, demagun paziente batek mehatxu egin dizula lanean, eta gero lanetik kanpo eraso egiten dizula. Bada, mehatxua jakinarazita badago, lotuko da eraso hori lan esparruarekin; gainerakoan zaila izango da lotura hori egitea.

Eraso fisikoak salatzen dira. Irainekin-eta zer gertatzen da?

Mehatxuak direnean, zigorrak txikiak izaten dira. Guk, esaterako, kasu bat izan genuen zeinean medikuak beldurra izaten zuen jasan zituen mehatxuen ondorioz. Erizaina eta bera egoten ziren normalean kontsultan, eta,erizaina joan eta bakarrik geratzen zenean, beldurra izaten zuen. Gaixo agiria ere hartu behar izan zuen tarte batean. Kasu hartan auzitara jo genuen, eta epaileak galdetu zionean medikuari zer eskatzen zuen, erantzuna izan zen nahi zuen bakarra zela horrelakorik ez gehiago gertatzea. Guk ez dugu dirua atera nahi horrelakoekin; nahi duguna da horrelakorik ez gehiago gertatzea. Nahiko presio badute lanean, hori ere izateko. Ulertu behar da pazienteen egoera, baina zenbaitetan igual ez da ulertzen beste aldean daudenen egoera, eta hori kontuan hartzea nahi dugu. Horregatik iruditzen zaigu zenbaitetan salatu egin behar dela; bestela, zenbait pertsonak sentitzen dute, egiten dutena egiten dutela ere, ez dela ezer gertatzen.

Auzibide horietako asko amaitzen dira, beraz, sententziarik gabe. Akordio batekin.

Halaxe izaten da. Horrelakoetan,normalean auzibideak ez dira bukaerara iristen. Esan dudan gisan,medikuak askotan bilatzen duen bakarra izaten da auzipetuak barkamena eskatzea; behin hori eginda, aski deritzo. Sarritan, auzipetuei proposatzen zaie idatzi bat egitea barkamena eskatuz. Horrekin joaten gara epaitegira, deklarazioa hartzen diote han pertsona horri, eta barkamena eskatzen du; tankera horretako kasurik gehienak horrela konpontzen dira. Baina garrantzitsua da horrelakoak ere egitea.

Eta, oro har, salaketa ipintzeko gomendioa ematen duzue?

Lehenik, aholkatzen dugu gertatu dena jakinaraztea. Gero, baloratuko da zer egin. Ezin da esan beti nola jokatu behar den: kasu bakoitzean ikusi behar da. Beti igual ez da epaitegira joan behar.

Kontatzen duzunaren arabera, ezkutuan geratzen dira eraso asko eta asko...

Inkesta batek dio hiru medikutik batek jasan dituela presioak, mehatxuak, irainak... Nik mediku asko ezagutzen ditut, eta gutxi ere badela esango nuke. Niri denek esan didate mehatxuak-eta jasan dituztela, baina, nolabait ere sentitzen dute ogibidearen parte direla. Askok, gainera, ulertzen dute pazientearen egoera, eta hor geratzen da dena. Baina zenbaitetan gehiagora joaten da hori, eta problema hor dago. Gainera, askotan arazoa da kontsultan medikua eta pazientea bakarrik badaude, zaila izaten dela demostratzen irain edo mehatxua: baten hitza da, bestearenaren aurka. Ikusi behar da zer irain eta mehatxu izan diren, lekukoak dauden, eta horren arabera erabaki behar da zer egin. Orain, beti garrantzitsua da kasua lan osasuneko zerbitzuetan jakinaraztea.

Zure esperientziaren arabera, zein atakatan izaten dira erasorik gehienak osasun arloan? Zein egoera dira arriskutsuak?

Bada, esaterako, probaren bat egin behar, eta horietarako itxaron zerrendak luzatzen direnean; edota larrialdietara joan, eta denbora askoan zain egon behar denean. Sarri, halako egoeretan izaten dira. Bada jendea, halaber, probak egiteko eskatuz joaten dena medikuaren kontsultara, edo halako edo bestelako botikak esan behar dizkietela esanez: «Nahi dut botika hau». Halako asko daude. Mezu jakin bat duten txostenak eskatzeko garaian ere izaten dira zenbait eraso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.