Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Carmen Lamenari "sendotasun juridikorik gabe" aritzea egotzi dio Baltasar Garzon epaile ohiak; eta Altsasuko auzian nahastu dituzten gazteei "terrorismoa" egozteko "argumentu ahulak" erabili dituela dio. Eta ez du Lamela epailea bakarrik kritikatu: Jose Perals fiskalaren jarrera ere okertzat jo du: bi horiek Ospa mugimendua "mugimendu terroristatzat" jotzen dutela ekarri du gogora Garzonek, baina nabarmendu du, hori horrela izateko, mugimendu haren "helburu terroristek modu perfektuan definituta" egon behar dutela, eta ez dutela halakorik egin. Fiskalari egotzi dio "neurritasun juridiko eta logika politiko kriminal guztietatik kanpoko" zigor eskaera egitea. Horretan guztian "larriena" Auzitegi Gorenak "disparate juridikoa" ez geldiaraztea da, Garzonen ustez. Auziak Iruñean behar lukeela dio.
Garzonek berak sartu zuen Alde hemendik proiektua deitu zuena Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako auzian. Hura guztia ETAk programatuta zegoela esan zuen orduan, eta, beraz, "terrorismotzat" jo zuen, "ETAk zuzenean kontrolatzen zuelako". Orduan "ondo antolatutako estruktura terrorista bat" zegoela dio, baina orain ez dagoela.
"Bere presentzia askotan baieztatu arren, ETA eta bere proiektuak desagertuta daude, eta baita terrorismoa babesteko zeukan garapena ere". Altsasuko auziarekin ireki den bideak aurreikusi ezin diren ondorioak ekar ditzakeela ohartarazi du.