Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Luciano Varela Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak bere kontra ahozko epaiketa egiteko hartutako erabakiari helegitea sartu dio, Gonzalo Martinez Fresneda abokatuaren bitartez. "Zuzenbidearen aurkako autoa da Varelarena, eta arrisku bizian jartzen du independentzia judiziala", dio helegiteak. Garzonek hamabi eta hogei urte arteko kargugabetze zigorra jaso dezake errudun jotzen badute. Bitartean, behin-behinean epaile kargua utzi beharko du.
36ko gerran eta frankismoan desagertutakoen egoera argitzeko auzia abiatzean prebarikazioa egin izana egotzita epaituko dute Garzon, betiere helegiteak ez badu aurrera egiten. "Elkarte eta talde txiki batzuek arrazoi ideologikoak bultzatuta hartu zuten ekinbide judiziala", esan du Garzonek. "Jazarpen ideologikoa da eta Gorenak haien jardunari sinesgarritasuna kenduko ziola espero nuen".
Varelaren ustez, frankismoko desagertuen ikerketa hasi izana ez zen Garzonen eskumena eta honek jakin bazekien hori.
Iazko irailaren 9an auzi beragatik ia lau orduz deklaratzen egon zen Garzon Gorenean, eta desagertutakoen auzia bere gain hartuta ez zuela deliturik egin adierazi zuen instrukzio epailearen aurrean, ez zuela prebarikatu.
2008ko urriaren 16an hartu zuen kasua Garzonek. 115.000 lagun bilatu eta identifikatzeko eskatu zuen, hemeretzi hobitan indusketak egiteko; tartean, Ezkabako gotorlekuan. Frankismoak gerra krimenak egin zituela esan zuen magistratuak, eta haien arduraduntzat jo zituen erregimeneko 35 goi kargu; besteak beste, Francisco Franco bera. Altxamendua ongi planifikatutako ekintza izan zela deliberatu zuen, eta Espainiako Errepublikako Gobernuko arduradunak desagerraraztea zuela helburu. Alabaina, krimenen arduradunak hilda daudenez, haien delituak iraungi direla zehaztu zuen.
Iazko maiatzaren 27an inputatu zuten, Manos Limpias taldeak jarritako kereila onartu egin zuelako Auzitegi Gorenak. Falange eta Libertad e Identidadek ere sartu zuten kereila. Hiru elkarteei akusazio idatzia egiteko eskatu die Varelak.
gizartea
Garzonek helegitea sartu du
36ko gerrako eta frankismoko desagertutakoen ikerketan prebarikazioa egitea egotzita epaitu egingo dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea. "Jazarpen ideologikoa" dagoela salatu du. "Autoak arrisku bizian jartzen du independentzia judiziala".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu