Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak gaur eguerdian atera ditu sekretupetik Batasunari buruzko bi sumario (auzikoa bertakoa da bat eta joan den urriko operazioko bestea), baita EHAK eta EAE-ANVri buruzkoak ere, eta parte denek eskuragarri dituzte, beraz. Garzonek beste pauso bat ere eman du: otsailaren 4rako deitu du EHAKren jardueren etetea aztertzeko auzi saioa eta hil bereko 5erako EAE-ANVri buruzkoa aztertzekoa.
Auzitegi Nazionalak gaur goizetik bertatik ditu EAE-ANV eta EHAK alderdiei buruzko polizia txostenak, eta auzitegia orain horiek aztertzen hasiko da, alderdiei haiekiko zer neurri hartu erabakitzeko. Garzon epaileak eskatu zituen txostenak.
Denera 2.500 orrialde ditu lanak. Horien arabera, EAE-ANVk eta EHAK-k "ETA eta Batasunarekin loturak" dituzte. Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak egin dituzte txostenak, eta joan den urteko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetatik honako datuak bildu nahi izan dituzte.
Besteren artean, polizien ustez EAE-ANVk eta EHAK-k Batasunari dirua ematen diote. Marian Beitialarrangoitia Hernaniko (Gipuzkoa) alkateak (EAE-ANV) duela egun batzuk Iruñean presoen alde esandakoa ere jaso dute ("maite zaituztegu", esan zuen), bi alderdiek ETAren atentatuak ez dituztela salatu diote poliziek...
Maria Teresa Fernandez De la Vega Espainiako Gobernuko presidenteordeak esana du ez dutela ezer egingo Garzonek zer egiten duen jakin arte.
Politika
Garzonek otsailaren 4rako deitu du EHAKren jardueren etetea aztertzeko auzi saiora eta 5erako EAE-ANVri buruzkora
Epaileak gaur atera ditu Batasunari buruzko bi sumario sekretupetik, baita EHAK eta EAE-ANVri buruzkoak ere. Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak gaur helarazi dituzte azken bi alderdien inguruko txostenak Auzitegi Nazionalera, eta biek "ETA eta Batasunarekin loturak" dituztela diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu