Atxiloketak

Garzonek torturaren aurkako protokoloa ezarri du atzo atxilotutako lagunentzako

Arkaitz Goikoetxea, Maialen Zuazo Aurrekoetxea, Ana Belen Prieto Furundarena, Gaizka Jareño Ugarriza, Adur Aristegi Aragon, Iñigo Gutierrez, Mikel Saratxo, Aitor Kotano Sinde eta Libe Agirre Mazaga atzeman zituen atzo Guardia Zibilak, ETAko 'Bizkaia sarea' osatzen dutelakoan. Getxoko herritar baten bila dabiltza. Beste bi etxebizitza miatu dituzte: Getxon eta Espainian (Ezcaray).

2008ko uztailaren 23a
19:12
Entzun
Torturaren Aurkako Taldeak (TAT) gaur arratsaldean jakinarazi duenez, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Guardia Zibilak atzo atxilotu eta inkomunikatu zituen euskal herritarrentzako protokolo berezia ezartzea agindu du. Hala, Garzonek hiru neurri berezi agindu dizkio Guardia Zibilari: senitartekoak informatuta edukitzea atxilotuaren egoeraz, konfiantzako mediku baten bisita baimentzea egunero, eta inkomunikazio aldi guztia bideokameraz grabatzea. TATek neurri horiek hartzeko eskatu zion atzo Garzoni.

"Neurriok lehenago ere ezarri izan dira, eta nahiz eta tortura errotik ez desagerrarazi, tortura gertatzea zailtzen dute", dio TATek. Garzonek 2006ko abenduaren 13an iragarri zuen protokolo hori.

Dagoeneko konfiantzako medikuak identifikatu dituzte Auzitegi Nazionalean, eta Madrilen daude, atxilotuak bisitatzeko zain. Bisita horiek, auzitegiko mediku forentsearekin batera egitea agindu du Garzonek. TATek dioenez, mediku forentseak bi bisita egin ditu honezkero. "Baina gure medikuek ez dute oraindik atxilotuak ikusteko aukerarik eduki".

Bederatzi atxilotu

Guardia Zibilak bederatzi bizkaitar atxilotu zituen atzo goizean Bilbon, Elorrion, Getxon, Galizian eta Espainian, ETArekin zerikusia izatea leporatuta, eta haiek denek inkomunikatuta segitzen dute gaur ere. Baliteke halaxe edukitzea beste hiru egunez, inkomunikazio egoerako epea bukatu arte; orduan jarriko lituzkete Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean, honek agindu baitzuen atzoko operazioa. Horretaz gain, ikerketako iturriek esan dute Getxoko herritar baten bila dabiltzala, atzo ez zutelako lortu atzematea.

Atxilotuetako bat, Arkaitz Goikoetxea, erakunde armatuko kide delakoan atxilotu dutela zabaldu dute berri agentziek, polizia iturriak aipatuta. Gainontzeko zortziak poliziak fitxatu gabekoak zirela diote, bizitza normala egiten zutela eta ETAri laguntza ematen ziotelakoan atxilotu dituztela. Gaizka Jareño Ugarriza, Adur Aristegi Aragon eta Libe Agirre Mazaga elorriotarrak, Iñigo Gutierrez, Mikel Saratxo eta Aitor Kotano Sinde Getxoko Algorta auzokoak, eta Maialen Zuazo Aurrekoetxea eta Anabel Prieto Furundarena Bilboko Santutxu auzokoak dira atxilotuak.

Berri agentzien arabera, haietatik zazpi dagoeneko Madrilen dauzkate. Ez dute jakinarazi zeintzuk diren zazpi horiek.

Guardia Zibilak zabalik dauka operazioa, eta beste bi etxebizitza miatu ditu, Eitb24.com-ek dioenez: bat Getxon -erdigunean- eta bestea Ezcarayn (Errioxa, Espainia).

ETAren Bizkaia sarea osatzen zuten atxilotutako guztiek, Guardia Zibilaren arabera. Goikoetxeari ustezko talde horretako buru izatea egotzi diote. 2003. urtetik sasian zela zabaldu dute, eta ETAk iaztik egindako atentatu eta eraso gehienetan parte hartu izana egotzi diote. Beraz, atzo, haren atxiloketak hartu zuen oihartzun handiena hedabideetan.

Bilboko Iturribide kaleko 68. atariko laugarren pisuan atxilotu zuten Goikoetxea, Maialen Zuazo eta Anabel Prieto bizi diren etxebizitzan. Bi horiek ere atxilotu zituen Guardia Zibilak.

Elorrion Jareño eta Aristegi atzeman zituzten, Getxon -Algortan- Gutierrez eta Saratxo, Galizian Kotano -algortarra da- eta Fuengirolan Agirre -elorriotarra-.

Pistolak eta agiri faltsuak

Miaketetatik zenbait kutxa atera zituzten guardia zibilek. Berri agentziek ikerketako iturriak aipatuta zabaldu zutenez, besteak beste, Guardia Zibilaren hiru agiri faltsu atzeman zizkioten Goikoetxeari. Iturri horien arabera, Goikoetxearen argazkia zuten hiru karnet faltsu horiek. Espainiako hegoaldeko eta Portugaleko bost mapa , bi arma eta prestatu gabe zegoen detonagailu elektriko bat ere aurkitu zizkiotela zabaldu zuten berri agentziek. Elorrion atxilotutako Gaizka Jareñori beste bi pistola atzeman zizkiotela zabaldu zuten guardia zibilek.

Atxilotuen eta haien senideen zenbait auto ere eraman zituen Guardia Zibilak. Besteak beste, Iturribiden atxilotutako neska baten autoa eta bestearen gurasoena zein ahizparena eraman zituen. Elorrion ere, kalean aparkatuta zegoen auto bat behintzat eraman zuten.

Leporatutako atentatuak

Azkeneko hilabeteetan ETAk egindako hainbat atentatu leporatu dizkiote Bizkaia sarea-ri: Legution (Araba) Guardia Zibilaren kuarlearen kontrako furgoneta-bonba -Juan Manuel Piñuel guardia zibila hil egin zen-, Getxoko portuan jarritako bonba, El Correo egunkariko egoitza nagusiaren aurkako bonba, Calahorran (Errioxa, Espainia) eta Durangon (Bizkaia) Guardia Zibilaren kuartelen kontrako bonba-autoak, Zarauzko (Gipuzkoa) ertzain-etxearen kontrako bonba, Bizkaiko herri batzuetan PSE-EEren egoitzen aurkako lehergailuak...

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroaren iturrien arabera, ez dute nahikoa froga Isaias Carrasco Arrasateko (Gipuzkoa) PSE-EEko zinegotzi ohiaren kontrako atentatua talde horri leporatzeko. Martxoaren 7an izan zen atentatu hori, eta tiroz hil zuen ETAk Carrasco, Arrasaten.

Atxilotuak "laster Getxon atentatu handi bat" egiteko prest zeudela adierazi dute gaur ikerketako iturriek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.