Tortura. Garzonen kontrako kereila

Garzonen aurkako kereila aurkeztu dute, torturak ez saihesteagatik

Orain hiru urte tortura salaketa gogorrak egin zituzten 9 lagunen senideek epailea, bi guardia zibil eta mediku bat salatu dituzteBeren betebeharrak bete ez izana eta delitua egitea ahalbidetu izana leporatu diete

Ane Ituiño, Gaizka Jareño eta Haizea Ziluaga, atzean atxilotu eta senideak eta aurrean preso daudenen argazkiak dituztela. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Baltasar Garzon epaileak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzi-mediku batek eta bi guardia zibilek kereila bana jaso berri dute. Torturak saihesteko protokoloa bete ez izana eta torturak ahalbidetu izana egotzi diete duela hiru urte Guardia Zibilak atxilotu zituen bederatzi euskal herritarren senideek. Hain justu, operazioa egin zutenetik hiru urte bete diren egunean aurkeztu dute salaketa Espainiako Auzitegi Gorenean: atzo. Kereilaren nondik norakoen berri ere atzo bertan eman zuten, agerraldia eginda. 2008ko uztailaren 22an akusazio gogorrekin atxilotu zituzten, eta egun kalean diren Maialen Zuazo, Gaizka Jareño, Adur Aristegi, Anabel Prieto, Mikel Saratxo eta Libe Agirre agerraldian izan ziren. Preso dituzten Aitor Cotano, Arkaitz Goikoetxea eta Iñigo Gutierrez sinbolikoki, argazkien bidez. Horien guztien senideen babesa izan zuten agerraldian. Areago, senideek beraiek jarri dute kereila. Atxilotuen defentsarako abokatuek zein Torturaren Aurkako Taldeko kideek auziaren azalpen juridikoa egin dute.

Tortura salaketez josia egon zen, eta oso mediatikoa izan zen 2008ko uztailaren 22ko operazio hura. Bederatzi lagun atxilotu eta inkomunikatu zituzten ETAko kide izan edo hari laguntza ematea egotzita, eta latzak izan ziren atxilotuek emandako tortura testigantzak. Atxilotuentzat ez ezik, haien senideentzat ere izan dira latzak azken hiru urteak. Haien hurkoengatik esan direnengatik eta haiei egin zaizkienei buruz esan ez direnengatik bor-borka dituzte oraindik barruak. Horregatik erabaki dute senideek gertatutakoa salatzea. Espainiako Auzitegi Nazionalean, operazio hari dagokion epaiketan ikusi dituzten bideoak ikusi, eta haien hurkoen ahotik entzun dituzten tortura salaketak entzun ondoren erabaki dute neurriak hartzea. Auzian parte hartze zuzena izan zuten lau pertsonaren aurkako kereilak aurkeztea.

Baltasar Garzon epailea operazioa agindu zuen instrukzio epailea izan zelako salatu dute. Haren ardura zelako atxilotuen egoera egokia bermatzea. Atxilotuak inkomunikatzeko hark agindu zuelako, eta inkomunikatu zituen arren torturak saihesteko protokoloa ezarriko zuela lau haizetara zabaldu zuelako. Baita atxilotuek, Guardia Zibilen esku bost egunez egon ondoren, epaileari berari torturen berri eman zieten arren, epaileak ez zuelako inolako neurririk hartu.

Carmen Baena Salamanca Auzitegi Nazionaleko auzi-medikuaren aurka ere aurkeztu dute kereila senideek, hark artatu zituelako atxilotuak. Haien egoera ikusi zuen arren, ez zuelako hartu oso agerikoak ziren torturak amaitu edo salatzeko inolako neurririk.

K-75.616-N eta B-27.808-B zenbaki profesionalak dituzten guardia zibilak, operazio hartako instruktorea eta idazkaria izan ziren. Haien agindu eta ardurapean aritu ziren guardia zibilak, eta horregatik salatu dituzte horiek ere.

Torturak ahalbidetzea egotzi diete laurei senideek; Zigor Kodeko 176, 408, 410 eta 450. artikuluetan oinarrituta, haien betebeharrak ez betetzea eta delitua egitea ez eragoztea.

Garzoni agindutakoa ez betetzea ere leporatu diote. Tortura saihesteko protokoloa ezarriko zuela hitz eman zuen publikoki. Atxiloaldi osoa bideoz grabatuko zuela, konfiantzazko medikuek atxilotuekin egoteko aukera izango zutela eta senideei atxilotuak non eta nola zeuden jakinaraziko ziela. Agindu bai, baina protokoloa ez zuen bete. Itxura hutsean geratu zen. Eta, bideo grabaketak egin ziren arren, zatikatuak eta oso zehatzak izan ziren. Ezagutu direnak behintzat polizia etxeetako pasilloetakoak izan dira soilik.Eta tratu txarren inguruko kezkak areagotu dituzte, gainera.

Epaiketan ezagutu dituzten irudi horiek gordetzen dutenaz ohartarazi du Ane Ituiño Torturaren Aurkako Taldeko kideak. «Ikusten da guardia zibilek pertsona bat nola ateratzen duten pasillora, guardia zibilek eskuetan antifaza dutela. Ikusten da atxilotu bat nola ateratzen den pasillora danbadaka, jaso dituen jipoien ondorioz tente ibiltzeko gai ere ez dela».

Guardia Zibilak atxiloaldiaren inguruan egindako txostenetan kontraesanak eta gezurrak agerian uzten dituela ere azaldu du. Atxilotu baten kasuan, esaterako, ziegatik lau aldiz atera zutela jasotzen du txostenak, epaiketan hamalau aldiz atera zutela ikusi zenean. «Nola da posible?».

Eta bai TATeko kideak, bai atxilotuen defentsa lanetan ari den Haizea Ziluaga abokatuak, bai atxilotuak izan zirenek argi dute inkomunikazioa dela tortura ahalbidetzen duena; bata amaitzen ez den artean ez dela bestea ere amaituko. Horregatik eskatu dute guztiek inkomunikazioa amaitzeko.

Jareñok, inkomunikatuta egon ziren bost egun haietan bizi izan zutena azaldu ondoren, torturen ondorenak oraindik pairatzen dituztela kontatu du: «Beldurra, segurtasunik eza, lo egin ezina, urduritasuna, antsietatea». Horrez gain, torturapean egindako testigantza haiek berriz espetxera ditzaketela ohartarazi du.

Azken 50 urteetan 10.000 euskal herritar torturatu dituztela ohartarazi, eta oraindik errealitate dena behingoagatik amai dadin mobiliza daitezela eskatu die herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.