Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen kontrako ahozko epaiketa saioa hasteko agindu du gaur Luciano Varela Auzitegi Goreneko epaileak, 36ko gerran eta frankismoan desagertutakoen egoera argitzeko auzia abiatzean prebarikazioa egin izana egotzita.
Juan Saavedra Salako presidenteak gaur bertan bidaliko du ahozko saioa irekitzeko autoa Botere Judizialeko Kontseilu Nagusira (CGPJ). Kontseilu horrek erabaki behar du Garzon behin-behinekoz Auzitegi Nazionaleko magistratu gisa eten behar duen edo ez.
Iazko irailaren 9an ia lau orduz deklaratzen egon zen Garzon Gorenean desagertuen auziagatik, eta kasua bere gain hartuta ez zuela deliturik egin adierazi zuen instrukzio epailearen aurrean, ez zuela prebarikatu.
2008ko urriaren 16an hartu zuen kasua Garzonek. 115.000 lagun bilatu eta identifikatzeko eskatu zuen, hemeretzi hobitan indusketak egiteko; tartean, Ezkabako gotorlekuan. Frankismoak gerra krimenak egin zituela esan zuen magistratuak, eta haien arduraduntzat jo zituen erregimeneko 35 goi kargu; besteak beste, Francisco Franco bera. Altxamendua ongi planifikatutako ekintza izan zela deliberatu zuen, eta Espainiako Errepublikako Gobernuko arduradunak desagerraraztea zuela helburu. Alabaina, krimenen arduradunak hilda daudenez, haien delituak iraungi direla zehaztu zuen.
Iazko maiatzaren 27an inputatu zuten, Manos Limpias taldeak jarritako kereila onartu egin zuelako Auzitegi Gorenak. Bi talde horiek kereilak aurkeztean argudiatu zutenez, biktimen auzia bere gain hartzeko eskumenik ez zuela jakin bazekien Garzonek, baina auzia abiatzea erabaki zuen.
Espainiako auzitegietan epailearen aurkako beste bi auzi daude zabalik: 2005-2006an New Yorkeko Unibertsitatean egon zenean Banco Santanderren partetik ustez diru laguntza jaso zuen kasua, eta Gurtel auziko inputatu eta abokatu batzuei legez kanpoko entzuketak egiteko aginduaren kasua.
Hagara joateko eskaera
Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak (CGPJ) etzi erabakiko du epailea Auzitegi Nazionalaren kargutik kendu edo ez, epaitzen duten arte. Bien bitartean, Auzitegi Nazionala uzteko eskaera egin zuen atzo Baltasar Garzonek, bere kontrako auziak direla-eta ez dagoelako eroso. Zigor Auzitegiko Fiskaltzatik bere "kanpo aholkulari" aritzeko gonbitea jaso zuen hilaren 6an, eta hara joan nahi du, gaur Auzitegi Nazionaleko iturriek jakinarazi dutenez. o
Epaileak baimen hori emateko eskatu zion atzo CGPJri, eta gaur tramterako onartu du; Gutxienez, zazpi hilabetez ariko litzateke Garzon Nazioarteko Zigor Auzitegian aholkulari. Balekoa jasoko balu, Garzon segituan hasiko litzateke lanean nazioarteko auzitegi horretan. Hagan (Herbehereak) luke egoitza, eta Kongo, Uganda eta Kolonbiako auzi batzuei helduko lieke, besteak beste. Ez luke galduko Auzitegi Nazionaleko postua.
politika
Garzonen kontrako ahozko saioa hasteko agindu dute
36ko gerran eta frankismoan desagertutakoen egoera argitzeko auzia abiatzean prebarikazioa egin izana egozten dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileari Varela Auzitegi Gorenekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu